LITERATURA

Gabriel Arestiren irudia eta obra ezagutarazteko xedez

Gabriel Aresti Katedrak izen bereko intelektual eta kulturgilearen irudia eta obra ezagutarazi nahi ditu. Horretaz gain, garai hartako euskal pentsamenduarekin, artearekin, euskal literaturarekin, euskararekin eta, oro har, euskal kulturarekin EHUn lanean ari direnen elkargunea izan nahi du.

Euskal Herriko Unibertsitateko Eva Ferreira errektoreak honela definitu zuen katedraren zeregina: “Gabriel Aresti euskal pentsamendu modernoaren oinarri eta erreferente zalantzagabea izanik, garrantzitsua da bere figura eta lanak aztertzea eta hedatzea, baina  Gabriel Aresti Katedrarekin, Euskal Herriko Unibertsitateak euskararekin eta euskal kulturarekin duen konpromisoa ere berresten du. Euskara eta euskal kultura gure unibertsitatearen jardueraren erdigunean daude, eta Gabriel Aresti  Katedra da erronka horiek gainditzeko oinarrizko eragile bat”.

Patxi Juaristik, Katedrako zuzendariak beste hau nabarmendu zuen: “Ez dugu nahi soilik iraganeko Arestiren inguruko gogoeta egin. Katedraren nahia da Gabriel Arestiren mezuek, lanek eta pentsamenduek gaur duten balioa, eragina, oihartzuna aztertu eta horri guztiari buruz gogoeta egin.”

Hortaz, katedraren asmoak honela laburbildu daitezke: Literatura, kultura, komunikazioa, artea, soziolinguistika, linguistika eta, oro har, gizarte alorreko gaien inguruko azterketak eta ikerketak bultzatzea; euskal kultura eta arteari buruzko arte-sormena bultzatzea; Ikuskizunak eta publiko orokorrarentzako dibulgazio ekimenak antolatzea; eta zeharkako helburuak dira genero-ikuspegia kontuan hartzea egitasmo guztietan, eta euskara lanerako lehen hizkuntza izatea.

Hitz gutxitan esanda, Gabriel Aresti Katedra euskal kulturaren ikerkuntzari, sorkuntza artistikoari eta dibulgazioari loturiko unibertsitate katedra bat da. Ondorioz, bere lan esparru garrantzitsuena unibertsitatea izango da, eta katedraren lanaren eta emaitzen hartzaile inportanteenak ere unibertsitate komunitatea izango da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button