LITERATURA

Letra xehez idaztea

Danele Sarriugartek Letra xehez idaztea aurkeztuko du Bulegoa z/b-ko aretoan, hilaren 27an. Bere proposamena Simon Asencioren Left/Write! (Rescript) proposamenarekin batera aukeratu zuten 2023ko egonaldien deialdian. Epaimahaia Aimar Arriolak (kuradorea, editorea eta ikertzailea), Laida Lertxundik (artista) eta Bulegoa z/b-ko kideek osatu zuten.

Letra xehez idaztea “idazteko/esateko modu berri baten bilaketa eta esperimentazioa da. Letra xehez idazteak/esateak kokapen berri bat ekartzen dio idazketari, desplazatu egiten du idazten/esaten duena, testu-forma berri bat bilatu nahi du, material propioetatik abiatuta idatz eta esan daitekeenaren mugak ikertu eta behartu nahi ditu, hortik sor daitezkeen ahotsen aniztasuna aztertu nahi du.”

Idazleak berak azaldu du zertan den proposamena: “Azken urteetan argitaratu ditudan hiru testu hartuko ditut abiapuntu gisa: Zer gertatzen da K herrian ilargi beteko gauetan?; Haragia eta porlana, eta Popperra, afterra, utopia. Letra xehez idazteko lehen hurbilketak izan dira, baina idazketa-modu berri horrekiko hainbesteko kontzientziarik edo hausnarketarik gabe.  Jarraitutasuna ere badagoen arren, nire aurreko bi nobelekiko aldaketa nabarmen bat dago ahotsean, eta nahiz eta material autobiografikoak diren testuen oinarria, ikuspegiak eta ahotsak zatitu eta ugaritu egiten dira. Hiru testu horiek enkargu moduan idatzi nituen, baina ikertzen segitu nahi dudan elementu batzuk ikusten ditut denetan, eta enkarguen mugetatik askatuta beste norabait eraman ote nazaketen probatu nahi dut.”

Danele Sarriugarte idazlea eta itzultzailea da. Bi eleberri eta zenbait kontakizun argitaratu ditu, eta hainbat autoreren lanak euskaratu (Angela Davis, Eva Illouz, McKenzie Wark, besteak beste). Gaur egun, Poppera, afterra, utopia emanaldia eskaintzen ari da Miren Narbaiza MICErekin batera.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button