
Pablo Malo eta Joanes Urkixo Lasa eta Zabala (2014) filmaren zuzendari eta gidoilaria dira, hurrenez hurren. Gaur, Bilboko El Carmen aretoan izango dira, FASek eta Euskal Gidoigileen Elkarte Profesionalak elkarlanean ondu duten emanaldia aurkezteko, 19:45etik aurrera.
FASen arabera, “1983ko urria. Joxean Lasa eta Joxi Zabala euskal errefuxiatu gazteak Baionan aztarnarik utzi gabe desagertu dira. Hamabi urte igaroko dira beraien gorpuak identifikatuak izan arte, erailda eta kare biziz ehortzita. Horrela sumario luze bezain okerra hasiko da; Iñigo, senideen abokatua, eta Fede bere laguntzailea, hiltzaileak justiziaren aurrera eramaten saiatuko dira, eta arrisku pertsonal biziei aurre egitearekin batera, joko zikinari joko zikinaz erantzutea zilegi den erabaki beharko dute”.
Filma hildako bi ETA kideen kasuaren sumarioan oinarritzen da, “oso gai delikatua baita”, azaldu zuen zuzendariak filma estreinatu zen garaian. Bere hitzetan, film “errealista” da, “ ez da onen eta txarren arteko filma”.



