
Felipe Juaristik Pentsamendua eta Poesia errezitaldia aurkeztuko du Aldeta musika taldearen laguntzarekin, gaur, uztailak 11, Udal Liburutegiko Sotoan,19:30ean; emanaldia Donostiako Liburu Azokaren baitan antolatu diren ekitaldien azkena izango da.
Aurretik, Juaristi eta Aldeta elkarrekin aritu ziren idazlearen Piztutako Etxea liburuaren aurkezpenean. Lan berri horretan, idazleak gogoeta egin du esperantzaz, izuaz, desiraz, maitasunez eta pasioaz.
Idazleren esanetan, “Piztutako etxea nire lanik sakonena da. (…) Abiapuntua da bizitzak bere arauak dauzkala eta, seguru asko, ez ditugula sekula santan guztiak ezagutuko, bizi garen bitartean bizitzaz ez beste ezertaz arduratzen garelako. Baina beste ezer hori bizitzaren muina ere izan daiteke, jakin gabe, noski. Gizakia zerk bultzatzen duen bizitzera da jakin beharrekoa. Baina beti ez dago gizakiaren esku halako jakituria. Ez zaio argirik iristen bere barreneko sotoan gordeta dagoena ikusteko. Beraz, bizi da gizakia, besterik gabe”.