EZLEKUBAT

Izaki Gardenak: “Kantuak ahalik eta egokien janzten saiatzen gara”

Jon Basagurenek (ahotsa eta gitarra) zuzentzen du Izaki Gardernak rock-egitasmoa; Joseba B. Lenoir (gitarra eta ahotsa), Libe Garcia de Cortazar (teklatua eta ahotsa), Eneko Leza (baxua) eta Iker Fernandez (bateria eta perkusioak) musikariekin batera Amaieratik hasi izenburuko bigarren lan  interesgarria plazaratu dute Oihuka diskoetxearen bitartez; 2012an, hain zuzen ere, Itsasargiak bost kantuko lana plazaratu zuten.

Iragan urrian, Bilbon, egindako Amaieratik hasi lanaren aurkezpen-ekitaldian ondokoa esan zuen Basagurenek: “(diskoan) denetarik dago, izan ere, kantu bakoitzak bere puntua du, eta hala, country, gitarra distortsionatuak, base erritmikorik gabekoak edota rocka topatuko ditu entzuleak  disko honetan. Hala eta guztiz ere, kantu denek badute osotasun bat”. Diskoa hobeto ezagutzeko asmoz, bandaren buru eta kantuen idazle Jon Basagurekin solastatu gara.

Amaieratik hasi lana jarri, eta entzuleak bat-batean antzematen du asko landutako kantuak direla? Lokalean edo estudioan ondutako diskoa da?

Gehiago da bakoitzak etxean egindako lana. Kantak nire ordenagailuan lantzen ditut lehenik, ahotsak, melodiak eta abestien egitura finkatzen ditut, eta gero, taldekideei bidali. Haiek euren kabuz prestatzen dituzte ekarpenak, eta horrela, joan gara estudiora. Ideiak argi izan ditugu, eta grabaketan ez dugu denbora gehiegirik eman.

Hasierako kantuan, esaterako, Zainak zain, gitarra eta teklatu konponketak nabaritzen dira, bai eta ahotsak ondo zaintzen dituzuela ere. Konponketa horiek nola sortu dira? Alde horretatik Liberen eta Josebaren ekarpena nolakoa da?

Konponketa gehienak Libe eta Josebarengandik datoz. Konfiantza osoa dut haiengan eta, gutxi gorabehera, nahi dutena egiten dute nik bidalitako lau akordeen gainean. Ekarpenak bikainak dira beti, eta abestiak beste maila batera eramaten dituzte euren konponketen bitartez.

Kantuak, dena dela, zuk idazten dituzu. Sortzaile emankorra zara ala lehorte garaiak izaten dituzu?

Ez nuke jakingo esaten. Bi urte baino ez daramatzat kanta egile moduan! Orain arte ideiak ez zaizkit agortu, baina ikusten dut oso litekeena dela atseden bat behar izatea hurrengo kanta sorta bildu baino lehen; urte betean 16 kanta grabatu ditugu! Hurrengoa grabatzera sartu baino lehen ziur egon nahi dut gu geu harro egoteko moduko kantak ditugula esku artean, eta horiek batu eta lantzeko prozesua presarik gabe egin nahi dut.

Disko honetako kantuak nola sortu ziren?

Batzuk Itsasargiak lanean agertzen zirenen garaikide dira, hartatik kanpora geratu behar izan zirenak grabatzeko astirik izan ez genuelako. Gehienak, baina, lan honetarako berariaz sortu nituen.

Lehen akustika eta ahotsean soilik pentsatuz konposatzen nuen, disko berriko kanta asko, ordea, bateria eta konponketa desberdinak buruan nituela prestatu nituen.

Zuk gitarrarekin sortutako konposizio biluzietatik hasi eta diskoa eskuratu arteko prozesua nolakoa izan da? Emozionalki esan nahi dut: kantuak nola hazi diren, nola jantzi dituzuen… finean, pozik zaude diskoarekin?

Kantak egiten ari nintzenean, momentu oso onak eta oso-oso txarrak pasatu nituen. Askotan galdu egiten duzu kriterioa, ez dakizu melodia bat, ideia bat, kanta bat… ona den benetan, ala sorkuntza zurrunbilo horrek itsutu zaituen.

Azkenean, ideia asko baztertu ondoren, hamar kantarekin geratu nintzen, eta horiek taldekideekin lantzeko prozesua etorri zen; lan politena, agian. Iker eta Enekorekin (bateria eta baxua) lokalean geratu, oinarri erritmikoak landu, Liberen ekarpenak entzun, Josebarenak… abestiak hazi egin ziren eta estudiora sartu ginen, urduri baina pozik.

Inoiz ez dakizu nola geratuko den guztia estudioan, eta ezin hobeto joan zen dena. Victor Sanchez teknikariarekin hasieratik ederki moldatu ginen,  eta Elkar estudioak bikainak dira. Oso pozik gaude emaitzarekin.

Aurreko Itsasargiak diskoaren alderatuta ezberdintasunak nabaritzen dituzu?

Ez gehiegi, kanta hauetako edozein sar zitekeen aurreko lan hartan, eta alderantziz. Agian, horrexegatik ikusten dut hurrengo kantak grabatu baino lehen denbora bat hartu nahi dudala. Iturburu berdinarekin, baina zerbait desberdina eskaini nahi nuke hurrengoan.

Diskoa bikaina iruditzen zait, AEBetako sustraidun rockaren espiritua egoki nahastu duzue hitzekin eta zure abesteko moduarekin, ados zaude?

Horretan saiatu gara, eta hala sentitu baduzu, bikain! Kanta melodikoak egiten ditugu, oinarrian akustika eta ahotsak dituztenak. Hortik aurrera, konposizio bakoitza ahalik eta egokien janzten saiatzen gara.

Zein euskal talderekin identifikatzen zarete?

Eraginak eta iturriak orokorrean Euskal Herritik kanpoko taldeetan ditugu, baina hemengo artista asko ditugu gustuko. Ez dakit inorekin identifikatzera heltzen garen, arriskutsua da, gainera. Gure bidea jorratu nahi dugu, inorenaren gainean ibili baino. Talde berria zarenean jendeak talde handiagoekin konparatzera jotzen du berehala, baina gurekin ez da momentuz horrelakorik gertatu. Hori ona dela uste dut.

Zer moduz kontzertuak? Nolako harrera dute zuzenean diskoan bildutako kantuek?

Aurkezpen kontzertu batzuk eman ditugu eta gu oso gustura geratu gara. Abesti berriak ederki sartu dira, eta sentsazioak ezin hobeak dira. Otsailetik aurrera berriz taula gainera bueltatzeko irrikaz gaude. Hala, disko hau ahalik eta gehien eta hoberen zuzenean aurkeztu nahi dugu,  eta, poliki-poliki, abesti berriak osatzen joan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button