MUSIKA

Leatherface mitikoek Mogambon joko dute

Leatherface punk talde ingeles klasikoak Paisaiako Trintxerpe auzoan dagoen Mogambo aretoan joko du bihar, 21:30ean. 1988. urtean Sunderland hirian eraturiko taldearekin batera, No More Lies katalanak izango dira. Bi taldeek kontzertu sendoa bezain gozagarria osatzen dute punk rockaren zaleentzat.

Frankie Stubbs abeslari eta gitarra jotzaileak gidatzen duen Leatherface talde kutuna da punk eta hardcore jarraitzaileen artean. Izan ere, Snuff, Mega City Four edo HDQ talde herrikideekin batera, hardcore eta punk estiloen amorrua maisuki uztartu zuten pop melodiekin, AEBetako Hüsker Dü aitzindariek irekitako bideari jarraituz.
Leathefacek makina bat bira egin ditu munduan zehar 1988. urteaz geroztik. Emanaldi horiei eta Mush bezalako disko handiei esker ibilbide luzea eta azpimarragarria egin dute punk eszenan, eta eragin nabarmena izan dira hainbat talderentzat, hala nola, Hot Water Music edo Dillinger Four.

Bestalde, ingelesek ez dute edonolako talde teloneroa izango. Izan ere, Kataluniako No More Lies hirukotea izango dute lagun agertokian. Talde horretan Santi Garcia ekoizle ezagunak jotzen eta abesten du. Hirukoteak, gitarra riff sendoetan eraikitako punk rock garaikidea jorratzen du, Kaliforniako Hot Snakes taldearen antzera. Lehendabiziko diskoa Seeds of enthusiasm 1997. urtean argitaratu zuten, eta haien azken lana, hirugarrena, 41º46.5’N 3º1.9’E 2002. urtean plazaratu zuten. Gutxi grabatzen eta jotzen duen taldea izanagatik ere, Espainiako punk rock talde interesgarrienetarikoa da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button