BESTELAKOAK

Fermin Muguruzak “Black is Beltza” egitasmoa aurkeztu du

Irungo Fermin Muguruza musikariak diziplina anitzeko Black is Beltza proiektua aurkeztu du, gaur, Bilboko Alondegian. Egitasmoaren ardatza izen bereko nobela grafikoa bada ere, bestelako jarduerak ere jasotzen ditu, tartean, Alondegian ikusgai dagoen erakusketa.

Komikia edo nobela grafikoak argazki batean du jatorria. Ferminek New York hiriko argazki zahar bat ikusi zuen 2001ean. Argazki hartan, Iruñeko erraldoiak agertzen ziren Bosgarren Etorbidean zehar desfilatzen, argazkiaren oinari erreparatu, eta irakurri zuen erraldoi beltzek ezin izan zutela desfilatu garaiko arraza-diskriminazioa zela-eta. Argazkia etxeko horman itsatsi, eta egitasmo bat garatzeko abiapuntu egokia izan zitekeela pentsatu zuen. Hala, 2009an, Harkaitz Canorengana jo zuen, gertaera horretatik abiatuta, animazio film bat egiteko asmoz. Canok behin gidoia eginda, Jorge Alderete diseinatzaile grafiko mexikarrarekin jarri zen harremanetan Fermin, eta ustezko filma, komiki bihurtu zen.

Aldereteren lan grafikoa rockarekin estuki lotuta dago, eta Black is Beltza bere estreinako nobela grafikoa da. “Niretzat eginiko istorioa zirudien, nire lana rockari lotuta dago, eta istorioa oso musikala da, musikak josten du, eta niretzat musika irudietara eramatea lan erraza da”.

Ildo musikalaz gain, Canok istorioak gordetzen dituen beste bi “kapa” aipatu ditu: Historiko-politikoa eta akziozkoa. Idazlearen hitzetan, istorioa 65-67 istorioa urteetan gertatzen da, eta garai hartan kapitalismoa zalantzan zegoen (Malcolm X, Black Panther…). Horretaz gainera, narrazioaren akzioa nabarmendu du, thriller generokoa baita: Iruñeko erraldoietako bat dantzarazi behar zuen Manex gaztea afera politiko batean sartuko da, eta CIA eta FBI atzetik izango ditu.

Muguruzak, bestalde, lantaldean eginiko lana azpimarratu du, bai eta taldekide horiengandik jasotako konpromisoa. “20 lagun inguruk parte hartu dute proiektuan, eta oso ondo moldatu naiz, sekulako entrega sumatu eta bultzada sumatu dut; zoragarria izan da”.

Horrekin batera, Sahatsa Jauregik ondu duen erakusketa-proiektua ere abiatu da: nobela grafikoa eta bere backgrounda (musika, dokumentazioa…) ezagutzeko beste modu bat da. Erakusketa-gune hori, gainera, bizi-bizia izango da, 2015eko urtarrilera bitarte makina bat jarduera hartuko baitu: Belako, Ruper Ordorika, Harkaitz Cano…

Amaitzeko, komikia katalanez, frantsesez eta gaztelaniaz ere argitaratuko da, eta Frantziako Angouleme hiriko komiki jaialdi entzutetsuan ere aurkeztuko da.

Informazio guztia: alhondigabilbao.com.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button