MUSIKA

Su Ta Gar-ek estudioko bederatzigarren lana plazaratu du

Eibarko heavy metal talde ezagunak Ametsak Pilatzen bere bederatzigarren lana aurkeztu gaur goizean Bilboko Kafe Antzokian. Aurkezpen ekitaldia hiru taldekideek hartu dute parte: Aitor Gorosabel (ahotsa eta gitarra), Galder Arrillaga (bateria), eta Xabi Basatidak (gitarra).

Diskoa autoekoizpenaren bidetik argitaratu du hirukoteak, eta bertan bilduriko hamaika kantuak “bat-batekoak eta freskoak” direla esan du Gorosabelek. “Sormen-lan gutxien eman diguten doinuak bildu ditugu”, gaineratu du. Buelta askorik gabeko kantuak dira, nahigabean ateratzen direnak. Guztiak metalaren estilo zabalaren barruan, baladak ere badiren arren. “Gure estiloa eta esentzia gordetzen dute”, nabarmendu du Aitorrek.

Hitzek ere bide hori jorratzen dute: “zuzenak eta argiak dira, musikaren freskotasun hori mantentzeko”. Izan ere, testuetako gaiak taldearen ingurukoak dira, taldekideek bizitakoak. “Iritzi kritiko eta aldarrikatzaileak dira, ez dira baikorrak, baina suntsitzaileak baino eraikitzaileak dira”, azaldu du taldearen ahots eta idazle nagusiak. Hala, kantuetan askotariko gaiak landu dituzte, elizak preserbatiboen erabileraren aurrean erakusten duen jarrera, AEBetako kanpo politika edo Euskal Herriak egun bizi duen egoera politiko itxaropentsua, hain zuzen ere, diskoari izena ematen dion kantuan. Izan ere, kinka horrek eragin dituen “ilusioak” ditu ardatz.

Diskoa aurkezteko joan den larunbatean hasi duten biran dituzte euren ilusioak jarrita, Bastidak esan duenez. Izan ere, Su Ta Gar taldearentzat ohikoak ez diren lekuak bisitatuko dituzte 2012. urteko lehenengo hilabeteetara bitarte, tartean, Madril, Galiza, Katalunia, Valentzia eta Logroño. “Kanpoan gehien joko dugun bira izan da, eta gozatzeko gogotsu gaude”, azpimarratu du.

Diskoa Lorentzo Recordsen grabatu dute aurtengo udan Aitor Ariño teknikariaren laguntzarekin, eta berezitasun gisa, aipatu behar da baxua Aitor Gorosabelek garbatu duela, Dabid Zarzosak taldea utzi baitu. Zuzenekoetan Kalte taldeko gitarra-jotzaile den Igor Diezek astinduko ditu lau sokak. Hasteko, larunbatean, hilak 22, Tosolako gaztetxean joko dute, eta urriaren 29an, Bilboko Kafe Antzokian.

Taldeari eta azken lan honi buruzko informazio guztia Su Ta Gar taldearen webgune berrituan ere jasotzen da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button