
Iragan abuztuaren 20an zendu zen Jerry Lewis aktore, komediante, abeslari, zine-ekoizle, zinegile eta gidoilari estatubatuarra. Bada, gaur, Donostiako Kresala zineklubak Lewis omenduko du haren film garrantzitsuenaren emanaldiarekin, The Nutty Professor (1963), 19:30etik aurrera, Trueba zine-aretoan, zeina zineklubaren sortzaile Fernando Mikelajaureguik aurkeztuko duen. Proiekzioarekin batera, ikasturte berriko denboraldia hasiko du Kresalak.
Kresalaren arabera, filmak hauxe kontatzen du: Julious Kelp, kimika irakasle trakets eta zoritxarrekoa da, baina edabe tarteko, Buddy Love gizon interesgarri eta apain bat bihurtuko da. “Stevenson-en Dr. Jekyll & Mr. Hyde eleberriaren moldaketa komikoa”.
Hil honetan, gainera, bigarren omenaldi bat egingo du Kresalak, oraingoan ere oraintsu hildako zinegile bati, zonbi-generoaren aitzindari George A. Romerori, hain justu. Emanaldi hori urriaren 23an egingo da, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearekin elkarlanean.
Informazio gehiago: kresalazinekluba.com.