
Hiri paisaia izenburuarekin abiatu du Zarautzeko Photomuseumek irailaren 14era bitartean luzatuko den Salvador Azpiazu argazkilariaren erakusketa.
Salvador Aspiazu (1867-1927) Gasteizen jaio zen eta Bartzelonan bizi izan zen. Gero Madrilera joan zen Nekazaritza Ministerioan lan egitera. Bidaia asko egin zituen eta maiz bisitatu zuen bere jaioterria.
Ez zen argazkilari profesionala eta prestakuntza tekniko urria zuen baina originaltasuna zuen aldeko. Parisera, Madrilera, Andaluziara, Gasteizera eta Bilbora egin zituen bidaiak eta hor argazkiak atera zituen, bertako jendearen jokabideak eta egunerokotasuna jasoz. Argazkigintzan egin zuen obra Gasteizko Udal Artxiboari eman zion Agustín Azpiazuk, artistaren ilobak, 1960an.
Margolari gisa ere egin zuen lan hainbat aldizkaritan, hala nola La Ilustración Artística, La Estrella de la Torratxa, La Esfera edo L’Univers Ilustré. Hil eta gutxira, 1927an, Azpiazuren 121 marrazki agertzen zituen La Bendita Tierra lana argitaratu zen. Liburu honetan, bere begirada sentikorra agertzen da, jatorri desberdineko herritar, bai goi-mailakoak bai herritar apalak eta ezezagunak plasmatuz.
Erakusketa honetan, argazkiak eta marrazkiak elkarrekin agertzen dira, egile gasteiztarrak zuen maisutasuna eta trebetasuna agerian utziz.



