
Landarte programaren bederatzigarren edizioa bigarren fasean dago, eta Arbontze, Bargota, Garde, Melida eta Puiuko udalerrietan Ioana Hernandez Arriaga, Marta Elía Aldave, Asier Gogortza, Jara Calvo eta Carmen Parrado Gilen sortzaileak sorkuntza garaikideko prozesu parte-hartzaileak gauzatzen ari dira. Programari amaiera emateko, hainbat bilera izango dira artistekin eta herriekin, bost proiektuetan egindako lana ebaluatzeko.
Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak antolatuta, Landarte 2025 martxoan eta apirilean abiatu zen. Ondoren, sortzaileek prospekzio-lanari heldu zioten, urrira arte lan egingo duten herriekin loturak ezartzeko. “Herrietan aurkitu dituzten proposamenen, hurbilketen eta errealitateen aniztasuna erakusten duten materialak sortzen ari dira, garatzen ari diren prozesuetatik hurbilago dagoen ikuspegi batetik”
Hala, Ioana Hernandez Arriaga artista Arbontze udalerrian dago, Lurraldea eskuez behatu proiektuarekin; Marta Elía Aldave sortzailea, Bargotan, Ez zazpiak baino lehen proiektuarekin; Asier Gogortza argazkilaria, Garden, Intxaurrondoak proiektuarekin; Jara Calvo kazetari eta idazlea, Melidan, Melidako korronteak proiektuarekin; eta Carmen Parrado Gil diseinatzailea, Puiun, Ziertzoa Puiun proiektuarekin.
“Proiektuak ez dira herriaren enkargu bat, eta, halaber, ez dira sortzailearen ekimen indibidualetik sortzen. Partaideen arteko etengabeko elkarrekintzak osatzen ditu proiektu horiek. Ildo horretan, prozesuak irekiak dira, aurrez jakin ez daitezkeenak, bai erkidegoentzat eta sortzaileentzat, bai talde koordinatzailearentzat”.