MUSIKA

Txuma Murugarrenek hitzaldi musikatua eta kontzertua egingo ditu Bilbon

Txuma Murugarrenek Zerbait ari da gertatzen, hor (Gaztelupeko Hotsak) disko berria aurkeztuko du bi ekitalditan, ostegunean, Kafe Antzokian: batetik, goizean, 11:00etan, hitzaldi musikatua egingo du; bestetik, iluntzean, 20:00ak aldera, kontzertua emango du goiko solairuan, alegia, Kutxa Beltzean.

Txumak disko rockzalea egin du oraingoan, Velvet Underground eta Lou Reed musikariaren itzalpean. Diskoa Mutrikuko Axular estudioan grabatu du, eta musikariaren hitzetan, emaitza “oso ona” da. “Gitarreroa da, hori bilatzen baikenuen, rock parametroak nabarmentzea”. Rock estiloko diskoa da, ezbairik gabe. Zerbait ari da gertatzen, hor izenburuak, bestalde, gertatzen ari den, baina ohartzen ez garen hori aipatzen du.

Diskoak bederatzi kantu biltzen ditu, “oso narratiboak”. Gaztelupeko Hotsak zigiluaren arabera, “Power poparen eta post-rockaren oihartzunak (Apurrak galtzetan), blues gaurkotua (Bagoaz hemendik), hiriko klub batetik aterea dirudien pop-rocka (Egun handia eta Uda usaina; biak Audienceko Gaizka Isunzarekin kantatuz, eta baxu eta haize instrumentuen ahaire sendoarekin lehenengoan)… eta diskoari amaia ematen dion Poz biribila pop soilekoa”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button