
FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoak egoitzaz aldatuko du aurten eta Alondegiko Golem zine aretoetara joango da aurten. Bertan egingo da inaugurazio ekitaldia, Murnauren Fausto klasikoaren emanaldiarekin, The Silent Band orkestrak musikaz lagunduta. Hitzordu hori maiatzaren 2an izango da, eta zinemaldiak maiatzaren 8ra bitartean iraungo du. Aurtengoa 17. edizioa izango da.
Atzo iragarri zituzten prentsaurrekoan egitarauaren zenbait eduki (behin betiko egitaraua apirilaren 19an iragarriko dute), eta baita aurtengo irudia ere, non euskal zonbi tradizionalak agertzen diren Bilbon barrena pintxo-poteoan. Prentsaurrekoan ere gizaki zikin eta odoltsu hauen agerpenarekin beldurtu ziren zenbaitzuk, eta horixe izango da aurtengo irudia zonbiaren aurpegi desitxuratua.
Gastronomiarekin jarraituz, eta FANTen aperitibo gisa, zineari buruzko erreferentziak izango dituen DJ saio bat ere atondu dute, Kid Koala & Travis kanadarrarekin apirilaren 29an Kafe Antzokian.
FANT 17k 300 film laburra inguru jaso ditu. Film horiek, epaimahaiaren eta ikusleen iritziz hoberenak diren bi lanek 3.000 euroko bi sari eskuratuko dituzte.
Horrez gain, beste 125 film labur aurkeztu dira nontzeberri.com kultur webguneak antolatu duen nazioarteko on-line lehiaketan. Horietatik hoberenak Zinemaldian erakutsi eta sarituko dira, Nontzefilmak sekzioaren barruan.
Fantrobia sariak, halaber, aurretik karrera bikaina izan dezaketen gazteen talentua sarituko du berriro ere. Aurtengo edizioaren irabazlea, 2010ean bere lehen luzemetraia, El mal ajeno, estreinatu zuen Oskar Santos izango da.