MUSIKA

Gaur Jurgi Ekizak disko berria aurkeztuko du Bilboko Euskararen Etxean

Willis Drummond taldeko gitarra eta abeslari Jurgi Ekizak (Baiona, 1980) iaz kaleratu zuen Ekiza (Bidehuts) bere bakarkako ibilbidearen estreinako urratsa. Bada, Jurgi Bilboko Euskararen Etxean arituko da gaur, martxoaren 23an, 19:30etik aurrera, disko berriaren kantuak aurkezteko. Horixe izango da lan hori haizatzeko egingo duen lehen kontzertua. Ekimena Azkue Fundazioak ondu du Nontzeberriren laguntzarekin.

Ekizak bere unibertso pertsonalena, biluziena, islatzen du bakarkako egitasmoan. Hala, bakarka egindako kantuetan garapen luzeak nagusitzen dira, tarte lasai eta intentsuagoak uztartuz. Askotan, une kasik isiletan ere murgiltzen da. Entzunaldi aunitz exijitzen dio entzuleari, eta kantautore giroak eta rock pasarteak lotzen ditu.

Anari musikari azkoitiarrak hauxe idatzi zuen Ekiza diskoaren harira: “Norbait begien aurrean biluzten denean, norbaitek dena erakutsi nahi dizunean, beste aldera begiratzen duzu. Ez gaude ohituta biluziari aurrez-aurre begiratzen. Gordina da, benetakoa, benetakoegia da, beroegia, hotzegia. Horrelako zerbait gertatzen da Jurgi Ekizaren diskoarekin”.

Jurgik ez dio bere buruari mugarik jartzen bakarrik aritzen denean, eta kantuak eta hitzak egiterakoan, bat-batekoari erreparatzen dio gehien; alegia, espontaneoki aritzen da barruan daukana azaltzeko.

Gogoratu, ostegunean, Willis Drummond taldeko Jurgi Ekiza Bilboko Euskararen Etxean izango da. Hemen duzue duela aste batzuk egin genion elkarrizketa.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button