LITERATURA

“Krimena eta delitua” gaiaz, Bilboko Gutun Zuria jaialdian

Azkuna Zentroak Gutun Zuria-Letren Nazioarteko Jaialdiaren IX. edizioa antolatu du apirilaren 19tik 24ra bitartean, eta ohikoa denez, egungo panorama literarioko hainbat idazle bertaratuko dira, tartean, Sergio Gonzalez, Dacia Maraini, Ernesto Mallo, Ricardo Menédez Salmón edota Rodrigo Rey Rosa. Idazleekiko ohiko hitzorduez gain, mahai-inguruak eta zinema ziloa bat ere programatu dira data horietan.

Aurtengo edizioan gonbidatutako idazleek bere narrazioetan “krimena eta delitua nola aztertzen duten azaltzeko aukera izango dute, eta gai horren gertaerak, fikziozkoak zein errealak, eta literatura aldetik erronka horri nola ekiten zion argituko dute”. 

Euskarak ere presentzia izango du aurten; Jon Kortazarrek antolatu du egitaraua. Apirilaren 22an, Katixa Agirrek moderatuta Jon Alonso, Garbiñe Ubeda eta Jon Arretxe bilduko dira goian aipaturiko gaiaz mintzatzeko. Ubedak Hobe ixilik argitaratu zuen duela urte batzuk, gerra garaikoez mintzatzeko. Arretxek egungo detektiberik interesgarrienetako bat sortu du bere pertsonaien artean, eta Alonsok Beltzaren koloreak izeneko entsegua kaleratu du, nobelaren beltzaren inguruko ikerketa eginez.

Egun horretan ere, baina Loraldia jaialdiaren barruan, Mikel Markez, Arkaitz Miner, Karlos Panera, Itziar Ituño eta Oier Gillanek Poeta gorri horiek! izeneko ikusgarria egingo dute, non Aresti, Otero, Celaya eta Figueroaren poemak errezitatuko dituzten.

Eta egun horretako azken orduetan, 22:00etan, errezitaldi-kontzertua antolatu da Ruper Ordorikarekin, Izkiriaturik aurkitu ditudanak titulupean. Bereak ez diren testuak (Atxaga, Aresti, Anselmi, Artze, Sarrionandia, …) kantatuko ditu Ordorikak.

Gutun Zuriaren bederatzigarren edizioa honetan ere, zine ziklo, ikuskizun eta errezitaldiak antolatu dira. Zinematekak ziklo berezia eskainiko du krimena, mafia eta espioitza aztertzen dituzten filmekin ondua.  Pantailaratuko diren filmak honakoak dituzue: Missing (Costa-Gavras, 1982), Yriana (Stephen Gaghan, 2005), Gomorra (Matteo Garrone, 2008)  eta Poulet Au Vinaigre (Claude Chabrol, 1985).

Programazio guztia Azkuan Zentroko webgunean eskuratuko duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button