BERTSOTAN

“Teilatupean” bertso-antzerkia, Urkabustaizen

Arabako Bertsolari Txapelketaren final laurdenen faseko lehenengo saioa datorren astean, urtarrilaren 28an, izango da Izarran, Aitor Ugarte, Danel Herrarte, Ekaitz Samaniego, Eli Zaldua, Paula Amilburu eta Peru Abarrategi bertsolariekin, baina zita hori heldu baino lehen, asteburu honetan ere gozatu ahal izango da antzerkiaz eta bertsogintzaz. Izan ere, urtarrilaren 20an, 19:00etan, Teilatupean bertso-antzerkia egingo da Urkabustaizko Kultur etxean.

Lur gaztetxoak haserre ihes egin du gurasoenetik, bere etxea eraiki asmoz, bertan nahi duen guztia egin ahal izateko. Auzuneko orube batean Doro topatu du, munduko bazter guztiak ezagutzen dituen baina inon bizi ez den artista ibiltaria. Lau makil, kutxa parea eta maindire soil batekin euren ametsetako etxea eraiki dute eta etxearekin batera, adiskidetasuna; oinarri sendoak izan arren, tarteka itote batzuk dituena, laguntasun guztien moduan.
Etxearen bueltan hainbat gai jorratzen ditu publiko familiarrari zuzenduriko antzezlan honek: adiskidetasuna, zaintza, etxebizitzaren arazoa, migrazioa, marjinazioa, duintasuna, bizitza ereduen aniztasuna… Fantasiazko munduak helduen errealitatearekin parez-pare topo egiten duen honetan, haurren ahotsa eta zilegitasuna agerian geratzen dira.
Bertsoak, koplak eta beste hainbat baliabide tartekatzen dira obra dinamiko eta jostari honetan, hala nola, txotxongiloak, argi-itzalen jokoak, objektuen manipulazioa, koreografiak… Ekintza eszenikoaren bidez, aipaturiko gaien inguruko galderak planteatzen zaizkio publikoari, hausnarketarako bidea irekiz.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button