EZLEKUBAT

Chilena Comando, zelulosaren garaipena

Bizi dugun garai digitalean paperezko euskarrian eginiko fantzinea abiatzea, erokeria hutsa dela esango luke batek baino gehiagok. Hala ere, oraindik badira zelulosaren aldeko kamikazeak. Horien artean Chilena Comando Valentziako fantzinea. Orri laurdenean egina eta zuri eta beltzean inprimatua, azala salbu, Chilena Comandok musika eduki undergroundak jorratzen ditu beti ere ikuspegi apurtzaile batetik abiatuz.

Hala, estetika punk eta dadaistaz apainduriko orrialdeetan musika estilo eta banda ugariren nondik norakoak aurki daitezke, besteak beste, free jazz estiloari buruzko txostena, Urinals punk banda mitikoari elkarrizketa, Azkoitiko Akauzazte eta Atanas Akerstraren adierazpenak eta The Gun Club blues punk talde estatubatuarraren atzera begirakoa.

Laugarren alea argitaratu berri dute (azalan 35. zenbakia dela diote umoretsu) eta Euskal Herrian Arto Artian banatzaileak mugitzen du. Fantzinean ateratzen diren taldeen CD-R bildumarekin dator eta azalak Luis Demano artista sarituaren ilustrazio koloretsua erakusten du. Fanzine interesgarria izateaz gain, aipatzekoa da arduradunen irizpide musikala. Izan ere, haien artean Le Jonathan Reilly eta Estrategia Lo Capto! taldeetako kideak daude. Banzai!


Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button