
Park Chan-wook kultuzko zinegile hego-korearraren pelikula berria pantailaratuko du bihar Bilboko Fas zineklubak, Mirabea (2017, Hego Korea). Emanaldia El Carmen aretoan izango da, 19:45ean, eta Eugenio Puerto FANT zine-jaialdiko programazioaren zuzendariak aurkeztuko du.
Sarah Waters idazlearen Fingersmith eleberrian oinarritutako antzinako thriller erotikoa da Mirabea. Bilboko zineklubaren arabera, “maisulana” da, eta zine fantastikoan espezializatutako Sitges jaialdian, Ikus-entzuleen saria jaso du.
1930ean kokatu du zuzendariak filma, Hego-Korea japoniarren mende zegoen garaia, hain justu. Sookee gaztea da filmaren protagonista. Hala, Hideko izeneko emakume japoniar gazteak Sookee kontratatuko du neskame. Hideko, bestalde, luxuzko etxe handi batean bizi da bere osaba artegagarri eta liburuzalearekin. Sookee gazteak Hideko aristokrata depresiboa ezagutzen hasiko da, zeinak sekretu handia gordetzen duen.
Film honen bitartez, Park Chan-wook zinegileak aurreko filmetako hemoglobina baztertu du, eta “intriga psikologikoetan” barneratu da.



