ESZENA

“Lautan Hiru” jaialdiaren bigarren hitzordua gaur

Gaur, hilak 9, euskarazko antzerkia hauspotzea eta antzerkilariei plaza berriak eskaintzea helburu duen Lautan Hiru jaialdiaren barruan, bigarren zita duzue. Guztira 9 pieza eskainiko dira otsailaren lau ostegunetan (otsailaren 2an, 9an, 16an eta 23an).

Hortaz, bi hitzordu gaurko saioan, 19:00etan, 7katu gaztetxean, Maren Basterretxearen Igaro izeneko pieza oholtzaratuko da, eta 20:00etan, BIRAn, Goitibera konpainiaren eskutik, Zuri. Taldean Gaizka Chamizo, Saioa Iribarren eta Ander Basaldua aritzen dira.

Antolatzaileak adierazi dutenez, “aurten, gogoberrituta eta nobedadez jantzita dator bosgarren aldia beteko duen Lautan Hiru antzerki-jaialdia. Antzerkigintza ardatz hartuta, hainbat emankizun eskainiko dira: Lautan Hiruk ekoitzitako saio esperimental bat eta bakarrizketa bat, Ganbila bildumaren aurkezpena… Helburuak, baina, ez dira aldatu: euskarazko antzerkia hauspotu nahi da (antzezlan guztiak euskaraz emango dira); antzezlanak erakusteko gune berriak eskaini nahi zaizkie sortzaileei; eta Bilboko Zazpikaleetako giroan eragin nahi da, kultura aukerak zabalduta”.

Bilboko Udalak babesten du jaialdia, eta Euskaltzaindiak aurten ere elkarlanean antolatu du egitaraua Cafe Bar Bilbaorekin eta BIRA Kulturgunearekin batera. Eszenatokiei dagokionez, ohikoei AEKren Kalderapeko kulturgunea gehitu zaie edizio honetan. Hortaz, bost lekutan programatuko dira lanak: Kalderapeko, BIRA, Cafe Bar Bilbao, 7Katu gaztetxea eta Euskaltzaindiaren egoitza.

2020an, Euskaltzaindiak antzerki-ekoizpena sustatzeko laguntza berria sortu zuen, Bilboko Udalaren babesarekin. Estreinako laguntza hori Artekartu konpainiak eskuratu zuen, Hauts artean lanagatik. 2021ean, berriz, Les Bobe Bobe konpainiak jaso zuen laguntza, Udaberria heldu da lanagatik. 2022koa eman barik gelditu da, baina aurten beste deialdi bat egingo da, 2024ko edizioari begira.

Programazio guztia hemen kontsultatu ahal duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button