MUSIKA

Pablo Und Destruktion asturiarrak hiru kontzertu egingo ditu gurean

Pablo G. Díaz asturiarra da, eta Animal con parachoques izenburuko lanari esker, hainbat zaleren arreta erdietsi zuen. Disko hori estatuan ez ezik, Alemania, Austria eta Erresuma Batuan ere aurkeztu zuen. Orain, disko hartan bildutako fidelitate baxuko doinuak baztertu, eta Nick Cave & The Bad Seeds eta antzeko crooner garaikideen esparrura egin du salto bere bigarren diskoan, Sagrín.

Grabazio horretako kantuak aurkeztuko ditu gaur, Bilboko Hika Ateneoan; bihar, Azkoitian izango da, Bebarruko Jardunek programaren baitan; eta, etzi, azkenik, Donostiako Dabadaba aretoan, Pozikhouse jaialdian, Ciclos Iturgaiz (Euskal Herria), Antonna (Madrid) eta EGMR DJarekin batera.

Pablok hainbat elementu uztartzen ditu bere kantuetan, psicodelia, folk, blues eta musika industrial. Hala, bere diskoak Nick Cave & The Bad Seeds, Einsturzende Neubaten edo Javier Corcobado artistekin lotu izan dira. Bere hitzetan kontzientzia politiko eta soziala ageri da: “Musika beti ulertu dut politikatik gertu dagoen zerbait bezala, izan ere, nire burua behartu nuen politikatik irtetera, artista gisa hazteko asmoz, gero, berriro sartu ahal izateko, beste ikuspegi bat emateko xedearekin. Uste dut abestiek emozioez hitz egiten dutela, eta foku horretatik gerturatzen naiz politikara”.

Punk sustraidun musikari asturiarrak estatuko hainbat talderekin jo du zuzenean: Nacho Vegas, Triángulo de Amor Bizarro, Fasenuova… eta oso lotuta dago bere herriko folklorera. “Benetakotasuna bilatzeko egiten dut lan, eta horrek eskualde-musikaren zati bat berreskuratzea dakar, (…) erreakzio bat ere bada, kontserbadorea neurri batean, merkatu globalak proposatzen duen homogeneizazioaren eta ezarritako kultura-aniztasunaren aurrean, zeinak tokiko herri-kulturaren suntsiketa eragiten duen”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button