
Abuztura bitartean arteaz gozatzeko aukera egongo da Lekeition, Udako Arte izeneko erakusketari esker. Astero artista gazte batek bere obrak erakutsiko ditu herri horretako Eskolape aretoan.
Hala, uztailaren 11tik abuztuaren 21era bitartean artearen alor ezberdinak lantzen dituzten sei erakusketa ikusgai jarriko dituzte. Deialdi irekiaren bidez aukeratuak izan ziren artistak honako hauek dituzue: Ane Undurraga, Maite Herrero, Urbela Brouard, Iñaki Zubillaga, Amadou Sy, Edurne Naberan eta Nora Goyalde.
Aste honetan, eta gaurtik hasita, Ane Undurraga Arriagaren Barrutik erakusketa zabalduko da. Artista hori Giza-Zientziak eta Komunikazioan eta Gizarte eta Kultur Antropologian lizentziatua. Txikitatik du artearekiko pasioa. Hainbat euskal hedabide eta kultur proiektuetan lan egin ostean, Marketing Digitalean Masterra burutu zuen. 2014an aldaketaren beharra sentituta psikoterapia prozesua lantzen hasi zen eta artean formatzen, hain zuzen ere, Igorreko kultur etxeko Benetako Sortze Prozesuaren Garapena Arte Plastikoaren bidez mintegietan eta Eibarreko Marrazketa eta Pintura eskolan.
“Pinturaren bidez barne mundua lantzen dihardu eta emozioen mundua ikertzen eta lanok Igorreko kultur etxean egin dituen bi erakusketa kolektiboetan erakutsi ditu. Erakusketa honetako pinturek pertsonak duen aldaketarako inpaktua aurkezten dute.”
Datozen asteetarako proposamenak Udako Arte erakusketan kontsultatu ahal dituzue.