MUSIKA

Igelaren Bandak bertso-doinuak berrinterpretatu ditu disko berrian

Igelaren Banda hirukoteak Debalde festa izenburuko lan berria aurkeztu du gaur goizean, Bilbon. Grabazioak hamahiru doinu biltzen ditu, guztiak bertso-doinuetan oinarrituak, tradizionalak eta modernoak, herri-musika jazz esparrura gerturatzeko asmoz, betiere “askatasun osoz”.

Bixente Martinezek (gitarra) eta Amaiur Cajaravillek (kontrabaxua) parte hartu dute aurkezpen-ekitaldian. Hirukotea Hasier Oleagarekin (bateria) osatzen da.

Disko berriak lotura estua dauka bertsolaritzarekin, izenburutik hasita, Xenpelarrek Iparragirre bardoari kantatutako bertso ezagun batetik hartuta baitago. Diskoa sormen-prozesuan ere bertsolaritzaren ezaugarriak antzematen dira. “Inprobisazioa maite dugu, momentuan sortzea, izan ere, badakigu non hasten diren kantuak, baina ez non amaitzen diren, horrek bertsolaritzarekin lotzen gaitu”, azaldu du Bixente Martinezek.

Hala, diskoan, askotariko musikarien doinuak jaso dituzte: Kaxiano, Imanol, Xabier Amuriza edo Oskorri, tradizionalak baztertu gabe. Martinezek, Oskorriko kideak, ezustez aurkitu zuen Andoni Egaña bertsolariaren saio batean doinu  hori. “Andoni Egañari entzun nion, eta oso ezagun egiten zitzaidan; beraz, mugikorrean grabatu nuen, eta Oskorriren entsegu batean taldekideei erakutsi nien, eta bertan jakin nuen Oskorrin jotzen genuela, Ezin ahaztu pieza”.

Martinezen aburuz, bertsolariek erabiltzen dituzten melodiak oso politak dira, biribilak dira, eta istorioak kontatzeko aproposak. “Beraz,  potentzialtasun musikala handia dute”.

Diskoa urte eta erdiko lanaren emaitza da. Kantuen aukeraketa hiru musikarien artean egin dute, eta grabaketa bi egunetan egin zen. “Inprobisazioan oinarritutako kontzertu baten esentzia freskoa dauka”, azaldu du Amaiur Cajaravillek kontrabaxuak. “Emaitza oso benetakoa da”, nabarmendu du Martinezek.

Lan berria Unai Elorriagak propio egindako testu batekin osatzen da. “Doinuen inguruan ari da Unai, ez bertsoez edo bertsolariez” , esan du gitarra-jotzaileak.

Diskoa azaroaren 26an aurkeztuko dute Hernanin, eta Durangoko Azokako Ahotsenea gunean ere izango dira. “Ahalik eta kontzertu gehien egingo dugu”, azpimarratu du Martinezek.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button