
Kelley Stoltz pop azti estatubatuarra Bilboko Kafe Antzokian izango da hilaren 8an. Bi egun geroagoa, Hondarribiko Psilocybenean joko du. Duela bi urte Euskal Herrian izan zen In Triangle Time diskoa aurkezten. Oraingoan, Que Aura lana ekarriko du besapean. Biak ala biak Castle Face diskoetxeak argitaratuak.
Stoltz New Yorken jaio zen, baina gazte joan zen Kaliforniako San Francisco hirira bizitzera. Mendebaldeko kostaldean grabatu ditu hainbat disko. Grabazio horietan 1960ko hamarkadako musikarien eraginak biltzen ditu, klasikoak gehienbat, tartean, Beatles, Beach Boys edo The Kinks taldeen melodiak. Halere, azkeneko diskoetan bestelako soinuetara gerturatu da: new wave, elektronika edo funk. Betiere pop estalki baten azpian bilduak.
1999an grabatu zuen estreinako lana, The Past Was Faster, eta harrezkeroztik, 20 erreferentzia inguru plazaratu ditu, sortzaile ugalkorra baita. Grabazio guztiek Stoltzen ukitu magikoa gordetzen dute.