EUSKARA XEDE

Zabalik dago Euskaraldian “Belarriprest” eta “Ahobizi” izen-ematea

“Belarriprest” eta “Ahobizi” gisara Euskaraldian parte hartzeko epea zabalik dago. Aurten euskararen aldeko ariketa soziala azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da eta ordura arte egongo da izena emateko aukera.

Berritasunekin dator, gainera, hirugarren edizoko izen-ematea. Hala, aurreko urteetan izena eman zutenek parte-hartzea berretsi baino ez dute egin beharko. Horretarako, euskaraldia.eus webgunean sartuta edo posta elektronikoan jasoko dituzten mezuen bitartez egin daiteke.

Halaber, “Belarriprest” eta “Ahobizi” guztiek ariketa ahalik eta modu prestatu eta erosoenean  egin dezaten, aholkuak ematen jardungo dute ekimena antolatzen ari diren herri batzorde eta koordinazioko kideek. Azpimarratu dutenez, “lorpenak behar ditugu, euskaraz bizitzeko urrats berriak. Zinez uste dugu lorpen askoren gehiketatik joango garela gizartean euskararen presentzia handitzeko urratsak ematen”.

Festa giroan egin da Euskaraldiaren aurkezpena. Liher taldearen musikak, Mirari Martiarena eta Kepa Errastiren bakarrizketek, zein Zirkuolako kideen ikuskizunak girotuta, herri batzordeetako kideen ekarpenak eta erakundeetako ordezkarien hitzartzeak egon dira. Besteak beste, bertan izan dira Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua eta bozeramailea; Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria; eta Kike Amonarriz, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria.

“Euskal Herri osoa berraktibatzen ari da; Euskaraldia indartsu dator eta aurten ere, Euskal Herri osoan ariketa egingo duten milaka pertsona eta arigune prestatzen ari direla sumatzen dugu”, agertu da eta itxaropentsu Topaguneko lehendakaria.

Eta mezua, bat eta bakarra izan da: Euskaraldian izena ematea herritarren hizkuntza ohituretan eta praktika linguistikoetan euskarak gero eta leku zabalagoa izan dezan. Deia, beraz, gizarte osoari, gizarteko sektore eta erakunde guztiei aurtengo ariketan parte hartzera.

Euskaraldiaren informazio guztia hementxe duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button