IKUS-ENTZUN

Donostiako Kresala Zineklubaren otsaileko proposamen zinematografikoak

Hauxe da hil honetarako gonbitea: “Ekoizpen zinematografikoen aukera zabala dastatzeko prest? Truebaren pantaila handira filmak, dokumentalak,… iritsiko dira, eta aho zapore ona utziko dizuete.”

Gaur berton, otsailak 6, antolatu da lehen emanaldia: Las Hermanas Munekata (Yasujiro Ozu, 1950). “Setsuko eta Mariko ahizpek taberna txiki bat dute Tokion. Elkarrekin hazi arren, ezin dira ezberdinagoak izan. Horien arteko amildegia murriztu egiten da Hiroshi antikuarioaren itzulerarekin (Setsukoren gaztaroko maitasun handia). Bien artean oraindik sentimenduak daudela sinetsita, Mariko kosta ahala kosta saiatuko da Hiroshi eta bere arrebaren arteko grina berpizten.”

Otsailaren 13an, Dejad que el río fluya (Ole Giæver, 2023) izeneko filma heldu da pantailara. “Esterrek bere nortasuna ezkutatzen du arrazakeriaren aurrean ez jartzeko. Bat-batean, Ester Altako presa handi baten eraikuntzaren aurkako manifestazioen erdian dagoenean, bidaia pertsonal bat hasiko du hainbeste denboran arrastaka eraman duen lotsatik ateratzeko”.

Hurrengo saioa, 20an izango da, eta zita horretan Claude Chabrol zuzendariaren La Ceremonia izango da protagonista. “Sophie, emakume eraginkor baina hotz eta kalkulatzailea, Lelièvre andere zorrotzarentzat giltzain lanetan hasten da. Egun batean, Jeanne ezagutuko du, Saint-Maloko Posta Zerbitzuko langile begiluzea, eta bien artean oso harreman berezia sortuko da.”

Azken saioa otsailaren 27an izango da: Disco Boy (Giacomo Abbruzzese, 2023). “Europan zehar bidaia zail bat egin ondoren, Aleksei Parisera iritsiko da Frantziako Atzerriko Legioan izena ematera. Kidego militar oso selektiboa da, eta Frantziako pasaportea edozein atzerritarri ematea ahalbidetzen du, baita agirik gabekoari ere. Niger ibaiaren deltan, Jomo bere herrixkaren biziraupena mehatxatzen duten petrolio konpainien aurka borrokatzen da. Bien bitartean, bere ahizpa Udokak ihes egitea du amets, han dena galduta dagoela jakinda.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button