BESTELAKOAK

Cano, Petti eta Goikoetxea, “Gau Beranduan”

Harkaitz Cano idazlea eta Petti eta Joxan Goikoetxea musikariak letrak eta notak uztartzen dituen Gaur Beranduan izeneko emanaldia aurkeztuko dute gaur, urtarrilak 14, Bilboko Arriaga Antzokiko foyer-ean, 20:00etan.

Euskal Herriko hainbat aretotan ibili ostean, Arriaga Antzokiak eta Bilboko Udaleko Euskara Sailak lankidetzan ondu duten emanaldia Arriagako Gelatxoak Euskaraz zikloaren baitan programatu da.

Poesia eta musika ardatz dituen ikuskizunak honela dio: “Eraldatu egiten dira paisajeak gau-beranduan. Eder zena beldurgarri bihurtzen da eta beldurgarri zena eder. Giza-piztiak ere berdin: izango da soseguaren bila erretiratuko denik eta baita ehizakiaren xerka abiatuko denik ere. Egunak utzitako nekeak ez du disimulurako tarterik uzten gau-beranduan. Maitaketa, konspirazioa eta sabotaia zainetan daramaten istorioak. Kantu eta poema zaharrak, bertsioak eta emanaldirako espreski ondutakoak. Malenkoniak bai baitu bere amorrua. Eta amorruak bere malenkonia”.

Arriagako foyer-ean beste hiru emanaldi gehiago izango dira programa horren baitan: urtarrilaren 29an, Amets Arzalluz bertsolari txapelduna eta Joxan Goikoetxea musikaria arituko dira; otsailaren 4an, Caroline Philipsek eta Mixel Ducauk Bidaia ikuskizun musikala eta literarioa aurkeztuko dute; eta, azkenik, martxoaren 18an, Bernardo Atxagak Pierrot izeneko autómata izeneko emanaldi literarioa egingo du Arriagan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button