MUSIKA

Melenas eta Exnovios, Iruñea aldeko pop lisergikoa

Iruñeko Nebula taberna rockzaleak Nebula Bar Recordings izenburuko diskoetxea abiatu du, inguruko taldeen lanak plazaratzeko. Ziguluak argitaratu dituen azken bi diskoak Exnovios eta Melenas taldeenak dira. Bi taldeak iruindarrak dira eta bi grabazioak oso interesgarriak dira.

Karatekas, Los Jambos, Muy Fellini eta Almanaque Zaragozano taldeetan aritutako musikariaren egitasmo berria da Exnovios, eta 2016an, estreinako lan homonimoa plazaratu zuen. Lau taldekideek formula jakin baten inguruan ardaztu dute talde berria: 1960ko urteetako pop melodiak gitarra distortsionatuekin eta mantra errepikakorrekin janztea, 1980ko hamarkadako erdialdetik Jesus and Mary Chain eta Galaxie 500 taldeek egin zuten lez. Oraintsu, Amor-droga izenburuko bigarren lana kaleratu dute. Bigarren lan horretan berrikuntza xumeak nabaritzen dira: country ukituak, 1960ko hamarkadako pop espainiarra… Halere, aurreko diskoan erakutsitako ezaugarriek bere horretan diraute. Psikodelia popzalea.

Melenasek bestalde, hamar kantu grabatu ditu estreinako urrats honetan. Doinuotan reverb efektudun gitarrak; naif kutsuko melodiak; baxu eta bateria primitiboak; teklatu xalo eta amultsuak eta koru hauskorrak biltzen dira. Garage-pop-ean bildutako gozoki pikanteak dira Melenasek grabatutakoak, batzuetan Donosti Sound-eko dirdira zabaltzen dute, beste batzuetan, berriz, psikodelia barrokoan harrapatuta datoz. Sorpresa lisergiko eta lotsagabea da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button