
Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako Ertibil Bizkaia arte bisualen erakusketa urtarrilaren 8an amaituko da Balmasedako Horcasitas jauregian. “Ertibili buruz hitz egitea Bizkaiaren arte sorkuntzaz, talentuaz eta berrikuntzaz hitz egitea da, arteaz hitz egitea da. Sortzaile hasiberrien arte-espektroaren berritzaileenetarikoa erakusten du. Izan ere, erakusketa ibiltari hau bere berrogeigarren ediziora iritsi da eta egungo bultzada sortzailearen tenperatura neurtzeko proiektu gisa finkatu da”.
Aurtengo edizioan 70 sortzailek parte hartu dute, eta horien artean, erakusketa osatzen duten hemezortzi obra hautatu dira. Ertibil erakusketaren lehen saria Alazne Zubizarretarentzat izan da, Clotted Cream lanarengatik; bigarren saria, Lucia Pedregalentzat, Lucinismo. Serie I lanagatik; eta azkenik, Mar de Diosek hirugarren saria jaso du Tres Satori zeramika lanari esker. Erakusketa osatuko duten beste artistak honako hauek dira: Xabier Achurra, Izaskun Araluzea Itza, M. Benito Píriz, Lide Mikele Billelabeitia, Leo Burge, Ane Diez de Ulzurrun Rey, Iratxe Esteve Cuesta, Raquel F. Couto, Maider Gonzalo Salceda, Paula Huarte Cosin, Beñat Krolem, Mireya Moral Alzaga, Mikel Serna Bermejo, Amaya Suberviola eta Diego Vivanco.
1983an lehenengo edizioa egin zenetik, ERTIBILek beren sorkuntza-lana Bizkaian garatzen duten eta gorabidean dauden artistak babestu eta bultzatu nahi ditu.
Diogun moduan, Balmasedako Horcasitas jauregian dago ikusgai abenduaren 19tik 2023ko urtarrilaren 8ra arte.



