LITERATURA

Egaña, Vivanco, Mendiguren eta Elorriagaren azken ipuinak kalean

Gaur goizean, Bilboko elkar aretoan, Xabier Mendiguren (idazlea), Esti Vivanco (idazlea), Unai Elorriaga (idazlea), Mikel Santos (ilustratzailea), Alex Orbe (ilustratzailea) eta Joseba Larratxe Josevisky (ilustratzailea) bildu dira gaztetxoentzako hainbat lan berriren xehetasunak emateko.

Arrate Egañak Patioan izeneko lana idatzi du eta Amaia Arrazola ilustrazio ikusgarriak jarri dizkio. Lan horrek Lezamako Mikel Zarate haur literaturako saria irabazi zuen azken edizioan. Neska bat da protagonista, Malen, eta patioa da eszenatokia, izan ere, mutilak patioan futbolean ari direnean, bere baloiarekin patioaren erdian jartzea erabakiko du, hortxe egon nahi duelako. Erabaki horrek hainbat istilu sortaraziko ditu, eta eragina inguru osoan izango du, eta modu batean edo bestean, erreakzionatu beharko dute irakasleek, ikaskideek, gurasoek… Obrak ez modu dogmatikoan, emakumearen parte-hartzeaz jarduten du, “sinpletasunez baina sinplekerian erori gabe”

Esti Vivanco bilbotarrak Eireren egunerokoa izeneko ipuina idatzi du eta Joseba Larratxe Josevisky ilustratzaileak irudiekin hornitu du. 13 urteko neskatxa bat da lan horretako protagonista, Eire. Bere gurasoek asko maite dituzte hizkuntzak, filologoak dira biak, baina berari ez zaizkio hizkuntza arrotzak gustatzen. Irlandara bidaliko dute alaba den ardi galdua, udan, bere ingelesa hobetu dezan. Eirek gogoz kontra ekingo dio bidaiari baina halarik ere, esperientzia piloa izango du, asko gazi-gozoak, eta tartean lehen sentimenduen dardarak ere bai: maitasuna, jeloskortasuna, porrotak eta arrakasta, … Josevisky ilustratzaileak bi koloretan margotu ditu bere ilustrazioak eta askotan, “detaile ezkutuak agertzen dira, gako txikiak, mezu bereziak”.

Unai Elorriagak 107 kiwi fantasiaz eta xarmaz beteriko abenturan: “Ipuin klasikoei izpiritua lapurtu diet eta horretaz gaineko gaurko egunetako beste hainbat kontu gehitu dizkiot, izan ere, gurasoek irakurriz gero beste zerbait ulertuko dute”. Obran hauxe kontatzen da: Aroaren aita Pelix, alai eta maitagarria da, baina baita xelebre samarra ere. Halako batean desagertu egingo da, eta Aroak, Txoribel bere belearekin, haren bila joan beharko du. Mikel Santos arduratu da irudiekin hornitzeaz, eta ipuinean dagoen anakronia ederki islatu du.

Azkenik, Xabier Mendigurenek Hiru sopranoak izeneko lana argitaratu du. 12 urteko hiru neska futbolariak dira ipuinaren protagonistak. Bakoitzak bere arazoak ditu, guztiz ezberdinak baitira, baina oso lagun onak dira, Aisha, Aiora eta Ane. Besteekiko harremanez aritzen da gaur egungo problematikaz jarduten duen Mendigunenen ipuin berria. Alex Orbe ilustratzaileak marraztu ditu neskak eta beren istorioaren nondik norakoak.

Lan guztiak Elkar argitalexeak argitaratu ditu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button