MUSIKA

Kalakan Sarako lezeetara itzuliko da

Hiru eguneko jaialdi paregabea eskainiko du Kalakan euskal folk talde ezagunak Sarako kobetan. Datorren asteburuan izango dira emanaldiak, irailaren 30ean, urriaren 1ean eta 2an, hain zuzen. Euskal perkusiojole taldeak, gainera, nazioarteko musikari eta artista paregabeak izango ditu lagun oholtza gainean.

Ez da Kalakanek Sarako kobek eskaintzen duten agertoki natural paregabean eskaintzen duen lehen ikuskizuna. Aurtengoa, baina, berezia izango da. Ez bakarrik leku magikoan egiten delako, pandemia dela eta, bi urteko etenaldiaren ondorengo itzulera delako ere.

Dagoeneko sei aldiz egin dute musika ekimen hau formatu bera erabiliz, leku magiko horrek ematen duen xarmak erakarrita. Era horretan, edizio berri honetako, lehenengo egunean (irailak 30, ostirala) folk mirandarra izango da protagonista Trasga talde portugaldarraren eskutik (Miranda do Douro, Portugal). Trasgaren nortasun musikala taldearen jatorri testuingurukoak markatzen du, baina baita musika tresna garaikideek tresna zaharragoekin egiten duten sormen nahasketek ere. Danborra, bouzoukia eta biola beiroa Terra de Mirandako etnomusikologiaren parte diren tresnekin batera bizi dira, hala nola gaita, fraita, zanfona edota xaramela, besteak beste.

Bigarren egunean, (urriak 1, larunbata), Alexander Arkhincheev (Buriatia – Mongolia) musikaria igoko da agertokira. Multi-instrumentista, abeslaria eta irakaslea da bera.  Siberiako landa eremuan Ulan-Ude-n ikasi zuen eta Buriatiar Kantu zein Dantza Antzoki Nazional ospetsuak ditu bere erreferente nagusiak. Buriatiar kulturaren defendatzaile nekaezina, kantu difoniko abeslari ospetsua da nazioartean ere.

Eta jaialdiari itxiera emateko, Naiade Abesbatza (Irun) taldearen txanda izango da (urriak 2, igandea). 1997ko abenduan sortutako ahots txurien abesbatzak, Alaitz Urkia Rodriguezen zuzendaritzapean, 30 koralista inguruk girotuko dute kobetako magia berezia.

Jaialdian, finean, folk musika, korala eta kantu difonikoa uztartuko dira, hiru egunez hiru  ikuskizun desberdinetan.

Sarrerak salgai daude dagoeneko, hemen: irailak 30; urriak 1 eta urriak 2

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button