LITERATURA

Jule Goikoetxea idazleak “Politeismo bastarta” nobela argitaratu du

Gaur goizean, Susa argitaletxeko kideak eta Jule Goikoetxea egilea bildu dira Politeismo bastarta lanaren nondik norakoak adierazteko.

Susa argitaletxeak bidali digu obraren sinopsia: 2024ko maiatza. Jule Goikoetxea Angela Davisekin elkartzeko prestatzen ari da kategoriako hotel bateko bere gelan. Davis Bartzelonara heldu berri da, bere 80 urteekin, gorputz sendo garaiarekin eta emantzipazio borrokaren aldeko determinazio agerikoarekin. Pentsalari feminista-marxistak lau egun igaroko ditu hirian, Fira Literal ideia eta liburu erradikalen azokan, eta Goikoetxea haren bizkartzain lanetan arituko da, etorkizuneko jainkosak zer behar, bera han.
Azokatik kanpo elkarbanatutakoak (taxi bidaiak, bizitzeko gogoz betetako taberna-zuloak eta jauregiak), elkarrekin pentsatutakoak (Sarah Ahmeden, Vandana Shivaren eta hoteleko garbitzaileen ahotsak) eta horietatik abiatuta irudimenak sortutakoak (jainkosak, Buladak eta giza holobionteak) biltzen ditu umorez eta bizitasunez blaitutako kontakizun honek. Monoteismo ororen kontra eta, batez ere, bizitzaren izaera gatazkatsuari esku biekin helduta.

Jule Goikoetxea Filosofian doktorea, militante feminista eta idazlea da. Cambridgeko eta Euskal Herriko unibertsitateetan egin zituen ikasketak, eta atzerriko hainbat erakundetan aritu da ikertzaile lanetan, Oxforden eta Kanadako Queen’s Unibertsitatean, besteak beste. Egun, EHUko Zientzia Politikoetako irakaslea da.
Bereak dira, Tractatus (Susa, 2014; Lauaxeta saria) poema liburua, eta Demokraziaren pribatizazioa (Elkar, 2017) eta Euskal demokrazia patriarkala (Elkar, 2020) saiakera lanak. Gaztelaniaz, Estallidos (Bellaterra edicions, 2021) du lanik berriena. Susa argitaletxearen Lisipe pentsamendu feministako bildumaren editorea ere bada 2016. urtetik.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button