MUSIKA

Perlak eta Dekot taldeek Bilbon joko dute gaur

Euskal Herriko musika eszenako bi talde interesgarri ikusteko parada daukate zaleek gaur, Bilboko Kafe Antzokiko Kutxa Beltzean, 21:00etatik aurrera: Zarauzko Perlak eta Mungiako Dekot.

Zarauzko after-punk bandak Itzaletatik izenburuko disko berria argitaratu du. Laukoteak ohiko doinu melodiko eta ilunak jaso ditu, 80ko hamarkadako post-punk estilotik edaten dutenak, baina oraingoan, soinuak nabarmen egin du gora, Aitor Abio ekoizlearen lanaren ondorioz.
Perlak taldearen Facebook webgunean jasotzen denez, taldearen eraginak hauexek dira: The Cure, Joy Division, New Order edo Siouxsie & the Banshees; hots, after-punkaren itzaletik sortutako pop taldeak. Bada, disko berri honetan ere eraginon geriza nabarmena da: baxu potoloak, giro lanbrotsuak, sintetizadoreak…

Bestalde, Ibai (gitarra, teklatuak eta ahotsa), Ane ( teklatuak eta ahotsa), Janire (baxua) eta Ibonek (bateria) osatzen dute Dekot talde gaztea. Taldearen jarioa herrikide dituzten Belakoren proposamenarekin alderatu daiteke; hots, joera elektronikoa duen pop-rock independentea. Taldekideen esanetan, “musika alternatiboa” dute gustuko: Wolf Alice, Kasabian, Artic Monkeys, Muse, Mando Diao, The Cure, Placebo, The XX…
Halere, Dekot taldeko kideen arabera, haien estiloa ez dago hain definitua, lausoagoa da, gitarrarentzako tarte propioak egiten dituzte, eta dentsitate handiagoko erritmoak bilatzen dituzte, kantu azkarragoekin kontrasta ditzaten. “Asko begiratzen diogu Bristolgo trip-hop-ari”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button