IKUS-ENTZUN

Emakumeek egindako Zinemaren XIV. Karabana

Emakumeek egindako Zinemaren XIV. Karabana maiatzaren 26tik 30era egingo da Bilbon. Betiko legez, mundu bazterretik etorritako emakume zinemagileen lanak pantailaratuko dira egunotan, Zinemagileen Artean ekimenari esker. Klaketa Árabe ekoizpen-etxe egiptiarrak eta Kultura Communication y Desarrollo KCD ONGDek antolatutako erakusketa ibiltari honek zineman dagoen kristalezko sabaia hautsi nahi du.

Gaur, maiatzaren 26an, abiatuko da jaialdia palestinar herriari eskainita, Bilboko Golem Alhondiga Zinemetan A State of Passion dokumentala pantailaratuko baitute. Bertan izango da Carol Mansour dokumentalaren zuzendaria. Dokumentalak Abu Sitta mediku palestinarraren testigantza jasotzen du, eta Gazako muturreko egoera humanitarioa erakusten da.

Horren ostean honako lan hauek etorriko dira:  Faruk filmak gentrifikazioaren erretratu bat eskaintzen du, Istanbul hiri bizian kokatuta. Union dokumentalak AEBtako borroka sindikala aztertzen du, Amazon-en muinean bertan. Black Box Diaries dokumentala Shiori Ito kazetari japoniarrak sortu du eta bere herrialdeko sistema judizial eta sozial zaharkitua salatzen du, sexu-indarkeriaren aurrean duen jarrera dela-eta.
Zikloa My Favourite Cake Irango lanarekin amaituko da, zahartzaroko samurtasuna, bakardadea eta askatasuna islatzen dituena.

Egunero, 19:00etako saioan, zine-zuzendariak eta kazetariak bilduko dituen solasaldietan parte hartu ahal izango du publikoak, eta filmetan agerturiko gai sozial, kultural eta politikoetan sakondu ahal izango da.

Informazio guztia: Zinemagileen artean.

Show More

Related Articles

Back to top button