
Bihar, hilak 29, Victoria Eugenia Antzokian, Jon Maiak Gorka Hermosa (akordeoia), Pello Ramirez (txeloa) eta Nacho Soto (teklak) musikagileekin batera, Kantu bat gara emanaldi berezia egingo du 20:00etan hasita.
Kontzertua bertsolari eta kantariak duela gutxi atera duen Kantu bat gara disko-liburuaren inguruan ardaztuko da. “30 urteko letragile ibilbide oparoa ospatzeko, Jonek bere hainbat kantu ezagunen bertsioak jaso dituen Kantu bat gara izeneko liburu-diskoa kaleratu du azaroan eta zuzeneko emanaldiak hasiko ditu, goi mailako musikariez inguratua. Victoria Eugeniako emanaldian lagunez inguratua aurkeztuko ditu Jonek bere kantu ezagunenak, kontzertu bat baino gehiago, kantuari eta letragintzari eginiko gorazarrea izango den emankizun-ospakizun berezian.”
Jon Maia bertsolariak aspaldian idatzi zituen bere lehenengo kantak, Negu Gorriak taldearen Gure jarrera diskorako. Ordutik Jonek Euskal Herriko hainbat eta hainbat talde eta abeslarirentzat idatzi ditu kantuen hitzak: Negu gorriak bera, Gari, Mikel Urdangarin, Anari, Benito Lertxundi, Soziedad Alkoholika, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Gozategi, Ken zazpi eta abar luze bat. Horietako kantu asko eta asko jendearen gogoan geratu dira dagoeneko: Itsasoari begira, Gora Herria, Lehenbiziko bala, Nirekin, Non geratzen den denbora, Eskuetan, Itsasoa gara, Zaharra zara Bilbo eta abar….
Hemen irakurri ahal duzue lan horren nondik norakoak.



