
Montehermoso kulturuneak lau lan hautatu ditu 2018ko proiektu artistikoetarako deialdian, hiru lan plastiko eta ikus-entzunezko bat, 2018ko irailetik 2019ko ekainera bitartean erakusteko asmoz. Hala, maiatzaren 17tik ekainaren 30era bitartean, Jon Gorospe artistaren Metrópolis izeneko erakusketa bisitatu ahal da. Programaren xedea da tokiko artisten proiektuak landu, erakutsi eta zabaltzea, horien bitartez jardun artistiko garaikidearen alorrean lantzen ari diren lengoaia eta diskurtso berriak ezagutarazi eta horietaz hausnartzearren.
“Gure hirietako geografia ulertzen eta bizi dugun modua ikaragarri aldatu da azken hamar urteotan. Mapa eta kale-plano digitalak dira aldaketa horren erantzule. (…) Mapa horiek artxibo erraldoi gisa funtzionatzen dute, eta dituzten neurriak erabiltezinak dira. Gehiegikeria horren aurrean ez kikiltzearen, bertan murgildu eta obra material, ukigarri eta analogiko batekin irtetearen ondorioa da Metropolis. (…)
Jon Gorospek egin duen prozesua honela laburbil daiteke: “hiri bat aukeratu, haren mapa zabaldu, ibilbide birtuala egin haren kaleetan barna eta pantaila-argazkia egin lehenago argazkia egin zaizkionari. Beste argazki batzuen argazkiak, aurretik egindako paseoetan zeharreko paseoak.” (…)
“Omenaldia zabaltzen zaie, halaber, pasa den mendean zehar hiri horiek nekaezin dokumentatu dituzten argazkilarietako batzuei. Kritika gure XXI. mendeko kale-argazkigintzari egiten dio”.