LITERATURA

Jon Arretxek Gijoneko Aste Beltzean parte hartuko du

Joan den astean hasi zen uztailaren 13ra bitartean luzatuko den Gijoneko Aste Beltza. Genero horretako hainbat adituk beren liburuak aurkeztu eta zenbait hitzaldi emango dituzte. Euskal literaturaren ordezkari bat ere egongo da: Jon Arretxe.

Jon Arretxe basauritarrak Hutsaren itzalak lana aurkeztuko du, gaztelaniazko bertsioan: Sombras de la nada.

Erein argitaletxeak adierazi digunez, “Toure detektibe-igarlearen hirugarren abenturaren aurrean gaude. Arretxek koska bat estuago egiten du, eta Saharaz hegoaldeko etorkinen egoera gordinean egiten du azpimarra. Hemen ez dago aurreko abenturatan hainbat irribarre, egoera barregarri edo ikerketa absurdorik. Bigarren plano batean utzi ditu oraingoan umorea eta ironia. Paradisuaren ateetaraino iristeko ibilbide nekezkoak, mafien esku-sartze ankerrak, giza legearen etengabeko urratzeak hartzen dute protagonismoa. Hala ere, intrigarik ere ez da falta istorio berri honetan”.

Hortaz, Jon Arretxe berriz ere kontakizun poliziakoaz baliatu da gure inguruan ikusten diren bidegabekeriak eta xenofobiaren orratzak zorrotz salatzeko.

Jon Arretxe (Basauri, 1963) Euskal Filologian doktorea da, Heziketa Fisikoan lizentziatua, eta piano eta kantuko ikasketak ere baditu. Egile polifazetiko eta arrakastatsu honek aspalditik du ogibide idaztea. Oso ezagunak  dira 7 kolore, Tubabu, Oroituz, Ostegunak, Sustrai beltzak, Morto Vivace, Fatum, Xahmaran eta Tangerko ametsak.

Lan honen aurkezpenaren ostean, ¿Por qué escribir hoy novela negra? izeneko mahai-inguruan parte hartuko du idazle bizkaitarrak, Victor del Árbol, Paco Gomez Escribano, Rosa Ribas eta Jose Javier Abasolo idazleekin batera.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button