MUSIKA

Zea Mays “Da” diskoa aurkezten izango da udan

Zea Mays banda bilbotarrak Da lana aurkezten arituko da udan. Hala, bihar bertan, ekainak 25, Arrasten izango da; 27an, Euskal Herri Zuzenean jaialdian, Lekornen; eta 28an, Atxondon.

Uztailean, beste lau kontzertu egingo ditu: 5ean, Bilboko Errekalde auzoan; 19an, Azkoitian; 24an, Billabonan, eta 26an, Gorlizen. Abuztuan, Larrabetzu, Gasteiz eta Gernikan izango dira, 2an, 7an eta 9an, hurrenez hurren. 14an, gainera, sorpresa bat ondu dute.

Amaitzeko, irailean bost kontzertu egingo ditu Zea Maysek: 7an, Arraten; 13an, Legazpin; 19an, Aulestin; 26an, Sopelan, eta 27an, Irunen.

Bilbotarrek ekoizle batekin egin dute lan estreinakoz Da diskoan, eta ez edonolako produktorearekin. Izan ere, Dave M. Allen ekoizle ingelesa The Cure, Depeche Mode eta Chamaleons taldeekin aritutakoa da. Aiora abeslariak azaldu duenez, iragan udan ezagutu zuten Lekeition Allen: “Txosnetan egin genuen kontzertua, nahikoa ekipo txarra zegoen, baina ahalik eta emanaldi onena egiten saiatu ginen Dave konbentzitzeko”. Ekoizlearekin lan egitea esperientzia “berria, emozio handikoa, eta liluragarria” izan dela nabarmendu du Aiorak.

Diskoak 13 kantu biltzen ditu, eta Tio Pete estudioan grabatu dute Jose Lastra teknikariarekin. Gero, Dave Allenek nahasketa egin du Londreseko Club Ralph-en. Masterizazioa ere Ingalaterrako hiriburuan egin du Andy Hippy Baldwinek. Emaitza bikaina da, elektronikaren eta rockaren esparruetan sustraitutako kantuak; soinua, berriz, ikaragarria.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button