MUSIKA

12.000 lagun inguru egon dira Getxoko Jazzaldian

Aurten, era askotako taldeak eta estiloak izan dira kontzertu nagusietan. Publikoak erantzun bikaina eman dio jaialdiaren musika eskaintzari eta kontzertu bikainez gozatu ahal izan du. Lehenengo bi egunetako kontzertuek asebete utzi zuten publikoa bi musika eskaintza originalen eta oso ezberdinen eskutik: batetik, Charles Lloyd eskarmentu handiko saxo-jolearen laukoeta eta, bestetik, Jerry Gonzalez eta Fort Apache Band. Bide erdia bete zuen jazzaldiak nazioarteko jazzaren tronpeta-jole ospetsuenetariko baten kontzertuaren eskutik: Dave Douglas, hain zuzen ere.
Igandean, Dee Dee Bridgewater abeslaria ia-ia bete zuen Biotz Alai plaza. Saioan azken diskoaren zenbait kanta eskaini zuen, Billie Holiday abeslariaren omenez moldatuta. Azkenik, David Sanborn saxo-jolea iparamarikarraren hirukotearen saioaz amaitu zen jazzaldia bart.

Bestalde, talde gazteek garrantzi handiko lekua izan dute aurten ere Getxon. Talde Lehiaketa horren erakusle izan da. Aurtengo ekitaldian, Finlandiako, Italiako, Galiziako eta Poloniako bandak iritsi ziren finalera. Maila handia erakutsi ondoren, Wierba & Schmidt Quintet talde poloniarra nagusitu zen lehiaketan. Lehiaketa irabazi duen taldeko tronpeta-joleak, Piotr Schmidtek, bakarlaririk onenari ematen zaion saria ere irabazi du.

Bost egunetan zehar, Algortako Geltokia plazak Old Bilbao Tradicional Jazz Band, Leioa Big Band eta Mikel Bikandi Quartet taldeen kontzertuak hartu ditu.
Algortako The Piper's Irish Puben zenbait talde jardun dira, jazzaldian parte hartu duten hainbat musikarik lagunduta, musika inprobisatua eskaintzen.
Azkenik, Satistegi kafean Fernando Barcena argazkilariaren erakusketa egon da. Bertan, artista handien irudiak ikusteko aukera izan dute bisitariek.

Getxoko Kultur Etxeak bidalita

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button