
Txikitxoentzako produkzioak ez du etenik eta hala, egun hauetan, lan berriak ikusten ari dira argia. Begoña Ibarrolak Lata baten gorabeherak eta Timuti jirafa lana idatzi ditu eta Miren Agur Meabek itzuli. Eta gaztetxoagoentzat, Katixa Agirrek idatzi du, Amaia Lapitz eta Didoren ermandade sekretua. Guztiak Elkar argitaletxekoak.
Lata baten gorabeherak kontatzen dira lehen ipuin honetan. Hasieran, tomate-lata bat zen, baina gero, pilota, itsulapikoa, potoa eta abar bihurtu zen. Lata hura jabez jabe eta etxez etxe ibiltzen zen, pozik beti.
Eta Timuti jirafak lagun gutxi zuen sabanan, burutik behera begiratzen zielako denei eta mespretxuz tratatzen zituelako. Animaliak Timutirengandik aparte ibiltzen ziren, berari ez entzutearren. Timutik burla egiten zien, harik eta egun batean…
Katixak bere aldetik, hauxe kontatuko die neska-mutil koskorrei: Tunisiara joan da Amaia Lapitz, ama eta amonarekin batera oporrak pasatzera. Lasaitasun gutxi izango dute, ordea: batetik, Udaberri Arabiarraren hasierako matxinada egokituko zaie parean; bestetik, Kartago zaharreko hondakinen misterioan nahastuko dira, nahi gabe. Eta Amaia, bere lagun Leila eta Tarekekin batera, abentura berri batean murgilduko da, arrisku eta emozioen artean Tunisiatik Londresera eramango duena.



