ARTEA

Berlin zaharraren argazki kronika

Eva Otaño Ugarte artistak  (Donostia 1964) Berlin-Mitte Underground, 1991- 1994 izeneko erakusketa abiatu du Donostiako Ekain Arte Lanak galeriaren sarean.

Erakusketa hiri argazki kronika gisa antolatuta dago, eta historikoa den heinean, autobiografikoa ere bada. Egilearen lan goiztiar hau (26 urte zituen) Berlingo murruaren erorketan dago oinarrituta. Kameraz baliaturik, “une historiko hori ez ezik, garaiko squatters zirkuluetan eta underground komunitate artistikoan izan zuen ikaragarrizko ekarpena ere aztertu du”.

Bertan ere, bi munduren arteko talka suma daiteke, giro politiko, sozial eta kulturala, bertako kapitalismo eta komunismoren ondorioak, eta horren ostean loratu zen sorkuntzarekiko esperimentazioa.

Galeriak adierazi duenez, “Otaño Ugartek bere argazkietan toki eta espazio horiek (eta beren aktoreak) erakusten dizkigu, gehiegizko arauak dituen sistema politiko eta soziala desagertzean, sortzen direnak, alegia. Era berean, arau ezaren ondorioz, eta modu espontaneoan, askatasuna eta basatasuna esperimenta zitezkeen denbora mugatuan”.

Argazki liburu bat ere osatu du istorio bat kontatzeko ahaleginetan, eta egileak lau hizkuntzatan (alemanez, ingelesez, euskaraz eta gaztelaniaz) idatzitako ohar laburrak sartu ditu, liburua “ezagutzeko, kokatzeko eta egituratzeko”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button