ARTEA

Ertz jaialdia gerra soinuen inguruan ardaztuko da

Ertz Beste Musiken Jaialdiaren 14. edizioa egingo da irailaren 5etik 9era bitarte, Beran eta Donostian. Aurtengo egitaraua gerraren soinuaren inguruan ardaztu dute. Antolatzaileen esanetan, “danborretatik hasi eta gerra modernoen ustezko isiltasunetaraino”. Horretarako, erakusketak, instalazioak, kontzertuak, zine emanaldiak eta hitzaldiak ondu dituzte.

Ekitaldi horiek bi egitarau nagusiren ingurura egituratuko dira: batetik, Nafarroako Berako herrian egingo den hasierako programa, eta, bestetik, Donostian egingo den Hirugarren Belarria entzumenari buruzko berbaldi zikloaren hirugarren edizioa: “gerraren eta soinuaren arteko loturak ertz desberdinetatik erakutsi eta eztabaidatzeko”.

Donostian ondoko adituak arituko dira: ALKU; Ander Berrojalbiz; Eduardo Gil-Bera; Joe Banks; Karlos Sánchez Ekiza; Khantoria, eta, azkenik, Peter Cusack.

Egitaraua osatzen duten ekitaldiei dagokienez, batzuk nabarmenduko ditugu: Colin Hacklander estatubatuarrak, Iranen jaio baina AEBetara emigratu behar izan zuen Farahnaz Hatam musikari esperimentalarekin batera, jaialdirako propio ondu duten perkusio saioa; Maialen Lujanbiok eta Xabier Erkiziak aurkeztuko duten Hegi, Egia, Egiak proiektua; Concrete Landscapes, Bigarren Mundu Gerrako bunkerren inguruan Xabier Gogortza nafarrak ondu duen argazki erakusketa; eta, amaitzeko Parental Advisory Lirycs, Iruneko Jose Mari Zabala artistaren filmen zikloa.

Egitarau osoa (ordutegiak, datak eta bestelakoak): ertza.net.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button