
Jan Svankmajer (Praga, 1934) zinegilearen obra zinematografikoaz arituko dira gaur eta bihar, uztailak 2 eta 3, Bilboko BilbaoArte zentroan, Jesus Palacios (Madril, 1964) idazle eta zinema kritikoaren eskutik egingo den mintegi batean.
Egile honen animaziozko zinema esparru internazional osoan aurkitu dezakegun bitxienetarikoa da. Pragako talde surrealistaren kide izanda eta zinema bere sormen artistikoaren parte bat izanda -margolaritza, grabatuak, ilustrazioak, collage-ak eta abarrekoak integratzen ditu-, zineman aurkitu ditzakegun korronte nagusietatik kanpo dago Svankmajer.
Hala ere, pertsona bere osotasunean ulertzeko, txekiar animaziozko zinemaren tradizio luzea eratzen duen testuinguruan kokatu beharra daukagu, bere izen nagusien artean garrantzitsuenetarikoa bihurtu baita.
Jesús Palacios (Madril, 1964) idazlea eta zinema kritikoa da eta Fotogramas, El Cultural, Cine 2000 eta Más Allá aldizkarietan kolaboratzailea ere bada. Mintegia, gaur eta bihar garatuko da, 18:00etatik 20:30era.