ESZENA

“Itsasoaren Emazteak” bihar Eibarren

Bihar, maiatzak 1, 20:30ean eta Eibarreko Coliseo antzokian, Oinkari Dantza Taldeak eta HIKA Teatroak sorturiko Itsasoaren Emazteak lana ikusteko abagunean izango da. Ikuskizun honek, euskal dantza tradizionala oinarri hartuta, Euskal Herriko kostaldeko arrantzaleen emazteen bizipenak kontatzen ditu.

Berrogeita hamar dantzari, lau musikari eta bi aktore bildu dira taula gainean olatuaren joan etorrian, josi eta josi sareetan barrena historia bizi eta hunkigarria harilkatuz.

Oinkari dantza taldeko kideek honela definitu dute lan hau: “Kresal usaineko emakumeen historia da gurea. Haien begietatik dantzatu nahi izan dugu, euren ahotatik kantatu, edota euren esku minberatuen azal gazitik hitz egin. Itsasoaren emazteak dira, kostaldeko bizitzaren piper eta gatza. Saregileak ofizioz, sardinerak afizioz…”.

Lan honetan Pello Ramirez musikariak espresuki egindako abestiak dira entzungai. “Hasieratik izan genuen oso garbi emanaldi berriak hiru zutabe nagusi izango zituela: dantza Oinkari Dantza Taldearen eskutik, dramaturgia Agurtzane Intxaurragaren eskutik (Hika teatro), eta zuzeneko musika Pello Ramirezen eskutik”.

Bihar bertan, itsasoratzeko aukera duzue Itsasoaren Emazteak lanaren eskutik.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button