ARTEA

Gonzalo Chillidaren lehen atzera begirako handia, Donostian

Gonzalo Chillidaren ibilbidea berrikusteko lehenengo atzera begirako handia abiatu da Donostiako kubo-kutxa Aretoan. Uztailaren 3ra arte bisitatu ahalko da.

Ibilbide berezia eta sakona ikustarazten duen erakusketa honek aukera ematen du artista honen sorkuntza-unibertsoan murgiltzeko eta koherentziaz beteriko lana aurkitzeko. Mota askotako olio-margolan, marrazki, grabatu eta argazki topatuko ditu ikusleak; artistaren 130 pieza inguru daude erakusgai.

Guztira, bost hamarkada hartzen dituen erakusketa osatu da: “Gonzaloren lehenengo garaiko paisaia eta natura hil konstruktiboetatik, eta berrogeita hamarreko eta hirurogeiko urteetako esperimentu abstraktuetatik igaroz, haren margolaritzaren funtsezko gaietara iristen da: hondarrak, itsas ikuspegiak, zeruak eta basoak”.

kubo-kutxa Aretoaren arabera, “Chillida mugako margolaria da, plastikaren arloan abstrakzio eta figurazio artean dabilena, eta erreferentzia-arloan lehorraren eta itsasoaren eta zeruaren, gauaren eta egunaren, irudiaren eta hutsaren arteko mugetan. Azken batean, ñabarduraz beteriko lan baten egilea da, isiltasunaren poetikak menderatutako ideia transzendental baten zerbitzura jartzen duena”.

Gonzalo Chillida Donostian jaio zen, 1926an.  Madrilgo San Fernando Arte Ederren Akademian ikasi zuen eta 1951n Parisera joan zen ikasketak sakontzera. Lehenengo urte hauetan pintura errealista egin zuen, “kubismoaren eta pintura metafisikoaren forma geometrikoen eta zehaztuen eraginpean”. 50eko urteen bukaeran eta 60koen hasieran hasi zen margotzeko bere estiloa zehazten, eta abstrakziorantz jo zuen.

Aipaturiko artistari eta erakusketari buruzko datu gehiago, hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button