
Igartubeiti Baserri Museoak eta Zugarramurdiko Sorginen Museoak Istorioak belarrietara euskarazko kontakizun laburren hirugarren edizioaren deialdia abiatu dute. Deialdiaren gaiak, sinesmena, istorioa, sineskeria, gune eta pertsonaiak, kondaira eta nekazal gune eta natur guneetako zeremoniei buruzko euskal mitologia eta bere iruditeria dira.
Ekimenaren antolatzaileen arabera, “deialdi honek idazketa euskaraz sustatzea eta zabaltzea du helburu, honakoan haur ipuinen generoa bereziki bultzatuz. Gainera, kultur ondarearen inguruko lan modu berriak zabaldu eta parte hartze zein esperimentazio gune berriak sortzea du xede”.
Lanak bidaltzeko epea 2017ko uztailaren 16an amaituko da. Lehiaketaren inguruko xehetasun guztiak (oinarriak, izena emateko eskaera, eta abar): igartubeitibaserria.eus.