MUSIKA

Iruñeko “Urtarrijazz” musika zikloaren azken kontzertuak

Urtarrijazz zikloak hemengo musikarien jazza biltzen du, eta hil honetan garatzen ari da Iruñeko Sanduzelaiko Civivoxean, urtarrilaren 28ra arte. Ekimenak kontzertuak, hitzaldiak eta erakusketa bat biltzen ditu.

Lehen kontzertuan Kike Arza Electric 4et taldea aritu zen, eta horren ostean Quinteto Asier Ardaiz taldearen txanda etorri zen. Eta aurrekoen ostean, beste saio batzuetan, Carla Sevilla 5tet eta José Ángel Lorente 5tet taldeen kontzertuak iragan dira.

Asteburu honetan jazz-kontzertu bi geratzen dira, azkenak. Alde batetik, Edith Piaf Gogoan (1915-1965) izeneko kontzertua programatu da 27an, barikuan, Geraldine Ramirez (ahotsa), Javier Lopez Jaso (akordeoia), Marcelo Escrich (kontrabaxua), eta Eduardo Moreno (klarinetea) musikarien eskutik. Hala, laukote horrek jazz moldean egingo dio tributua XX. mendeko musika frantsesaren kantaririk ospetsuenetako bati. Emaitza soinu sofistikatua da, helburu bakar bat gogoan hartuta: ahalik eta publiko mota zabalenarengan gozamena eragitea. Laukoteko kide guztiak profesionalak dira eta hogei urtetik gorako eskarmentua dute jazz edota musika klasikoa bezalako esparru arras ezberdinetan.

Eta 28an, larunbatean, azken kontzertua izango da, Kaleidoscope & Rita Payés eta Javier Colina musikarien partehartzearekin. Kaleidoskopioa tresna optiko bat da eta, barnean, hiru ispilu eta kristal koloretsuak dauzka. Mugitzen denean, hainbat figura geometriko eta simetriko sortzen ditu. Oraingo honetan, hiru ispiluak Miguel “Pintxo” Villar saxofonista nafarra, Juan Pablo Balcázar kontrabaxujotzailea eta Jesús Mañeru perkusio-jotzaile lizartarra dira. Irudi geometrikoak melodien itxura hartuta iristen dira. Hainbat bidetan isurtzen diren melodiak dira, dela jazzean, dela lo-kanta kubatarretan, dela folklore kolonbiarrean, dela zamba argentinarretan, bai eta haiek beren ondutako konposizioetan ere. Rita Payésen talentua eta magia izanen dituzte bidaide bai ahotsean, bai tronboian; eta, arras proposamen bereziaren mihisea koloratzen bukatzeko, Javier Colina ere dute bidelagun, hau da, egungo jazz musikari nafarrik ospetsuena.

Urtarrijazz musika zikloaren programazio guztia hemen duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button