ESZENA

Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen XIII. Edizioa urrian

Datorren urrian abiatuko den BAD jaialdiaren nondik norakoak aurkeztu dituzte Bilbon gaur goizean Ibone Bengoetxea Kultura eta Hezkuntza Zinegotziak, Alicia Otxandategi BAD 2011ko zuzendariak eta Juanjo Otero eszena zuzendariak.
Aurtengo urriaren 28tik azaroaren 6ra arte luzatuko den Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen XIII. edizioak erabateko 12 estreinaldi eskainiko ditu, eta nabarmentzekoa da -erabat garrantzitsuak diren ikusgarrien artean-  Angels Margarit dantza sari nazionalaren parte hartzea.

Horretaz gain, 21 konpainiak hartuko dute parte BAD 2011n, horietatik 12 erabateko estreinaldiak izango dira, beste 5 ikus-entzuleek Euskal Herrian lehen aldiz ikusi ahal izango dituzte, eta 2 estatu mailako estreinaldiak dira.
Era berean, ohikoa denez, BADek gune garrantzitsua eskainiko dio bertako konpainiek eta artistek (Horman Poster, Olatz de Andres, Tearto Teatro edo Leire Ituarte) arte eszeniko garaikideen alorrean egiten duten lanari.

Jaialdia hainbat tokitan ikusi eta garatuko da. Ohiko tokiei beste batzuk gehituko zaizkie aurten, Alondegia, EHU-ko paraninfoa, 6. Pabilioia, Euskalduna Ontziolaren lurrak izandakoak, Vista Alegre Zezen plaza (Itineris Apur BAD ikuskizunaren egoitza izango da), eta Miro Hotela (bertan, Angels Margarit dantzari eta koreografo katalanaren emanaldia izango da).
Aurten ere, BADek Bilboko Institutu Frantsesaren laguntza izan du, eta hori dela eta, Salia Nï Seydou konpainia ekarri ahal izan dute hain arrakastatsua den Le tango du cheval dantza ikuskizuna eskaintzeko.

Urriaren 24tik aurrera, hau da BAD hasi aurretik, Sorkuntza lanak abian eta sorkuntza prozesuak gaiaren inguruko zenbait jarduera programatu dira pre-BAD egitasmoaren barruan.

BAD, abangoardiako arte eszenikoen alorreko artisten, ekoizleen, sustatzaileen eta programatzaileen elkarketarako, prestakuntzarako, elkarren arteko gogoetarako eta eztabaidarako hitzordua ere bada. Hori dela eta, topaketak, hitzaldiak, tailerrak eta liburuen aurkezpenak ere izango dira. Eszena garaikidea egituratzen duten zenbait gairen inguruko gogoetarako eta eztabaidarako Hitzorduak Eszenarekin tarteak ere antolatu dira.

Informazio osoa ekimenaren webgunean topatuko duzue laster.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button