
Mixel Ducau eta Caroline Phillips musikariko Bidaia bikoteak Agur Shiva izeneko diskoa aurkeztu du gaur goizean Donostian.
Oraingoan bikoteak kultura musikal ezberdinak jorratu ditu diskoan bilduriko 10 doinuetan. Horietatik hiru instrumentalak dira. Horrez gain bi bertsio ere bildu dituzte: Txoria txori kantuarenblues bertsio bat eta Xiberoko Goizian argi hastian.
Diskoaren musika tradizioei dagokienez, Indiako, Magrebeko edo Balkanetako eraginak bildu dituzte, izan ere, urtero bidaia bat egiten dute hango kulturetara, eta horrexegatik nabariak dira bertako eraginak.
Kolaborazioak ere asko izan dira, tartean, Niko Etxart eta Petti ahotsekin, Kiki Graziet harmonikarekin, Aziz Fayet Laudarekin edo Oreka TX harrizko txalapartarekin.
Instrumentazioa ere askotarikoa da, alboka eta zarrebetea, edota gitarra eta banbuzko klarinetea. Musikariek esanetan, “Edozein herritan, edozein hizkuntzan, musikari esker, izpirituak batzen dira. Disko hau pertsonen arteko zubitxo bat izango dela espero dugu”.
Taldearen webgunean kanturen bat entzun daiteke.



