ESZENA

Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak asteburuan izango dira

Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketen 41. edizioa etzi hasikoa da, azaroaren 2an, eta hil osoan zehar luzatuko da makina bat antzezlan oholtzaratuz.

Bertako antolatzaileek adierazi duten moduan, “41. aldi honetan, berriz, aurrera begira jarri gara, biharko antzerkigileei begira, eta protagonismo berezia eman nahi izan diogu gaztetxoen antzerkiari, herriz herriko antzerki taldeak sustatzeko gure aletxoa jarriz. (…) Hilabete ederra dugu aurretik, Euskal konpainiarik ezagunenen, talde amateurren nahiz lehen urratsak egiten ari diren gazteen lanak ikusi ahal izango ditugu Soreasun, Dinamoan eta kalean. Dozena bat emanaldi baino gehiago guztira. Eta Euskal Antzerki Topaketen esentziari eutsiz, noski, denak euskaraz. Goza dezagun!”

Lehen egun horretan, hilak 2, Goaz Antzerki taldeak Salbe, Publikoa izeneko lana oholtzaratuko du. “Ikusle maitagarria…Hau irakurtzen ari bazara zuretzako da gonbidapena. Etorri eta murgildu aktoreon unibertsoan. Modu horretan bakarrik jakingo duzu zergaitik zaitugun hain maitea, hain beharrezkoa, hain…”
Ostiralean, Artedrama konpainiak Hondamendia egingo du. “Ez da deus berririk eta ez da deus originalik. Geure lanak eta ezinak ez dira aurreko belaunaldien lanen eta ezinen gainean eraikitzen, haiengandik jaso ditugun hondakinen gainean baizik: haien aurreran eta zaborraren gainean. Geure lanak eta ezinak, badira zerbait, beraz, etorkizuneko zabor geruza bilakatu aurretik? Ezer izatekotan, zer? Maite dugu Grezia eta maite dugu Ariadnaren mitoa. Hariari jarraitzea labirintoan, alegia. Baina akaso, hariari jarraitzea baino hobe genuke geure zaborrari jarraitzea inora —geure burua ezagutzera— iritsi nahi badugu noizbait.”
Eta igandean, Higa taldeak Eromen pieza egingo du.

Datozen hitzorduetan denetarik izango da, eta dena ona. Adibidez,  Giltxikaro taldearen Identitarteak; Pez Limboren Itsas Behera; Kamikaz Kolektiboaren Troia; edo Ados Teatroaren Lagun beltz asko pieza. Gainera, Txotxongiloen erakusketa eta txotxongilo sorkuntzarako tailerrak ere antolatuko dira.

Informazio guztia, ordutegiak, non eta nozi, hemen kontsultatu ahal dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button