LITERATURA

"Hitza eta musika" jardunaldien barruan, Erlea aldizkariaren irakurketa

Bernardo Atxagaren zuzendaritzapean, Euskaltzaindiak argitaratzen duen aldizkari honen hirugarren zenbakia azaroan aurkeztu zen. Hirugarren zenbaki honen atmosfera nagusiak Afrikara garamatza, Aljeria eta Magreb protagonista direlarik. Bestalde, Ipar Euskal Herriari ere ahotsa ematen dio Erleak, eta aldizkarian agertzen diren hainbat idazlek -Piarres Aintziartek, Jean-Louis Davantek, Txomin Peillenek- bi errealitate horiek, Iparralde eta Aljeria, lotzen dituzte.
Mohamed Xukri idazle marokoarrak (1935-2003) leku berezia du zenbaki honetan: 2003an, Miel A. Elustondok egin zion elkarrizketa bat argitaratzen da, baita Joxemari Iturralderen artikulu bat ere, eta Ogi hutsa Xukriren nobelaren hasiera, arabieraz eta euskaraz.
Erleak ekartzen duen beste opari bereziak Joseba Sarrionandia izena du: Tuaregen poesiaren amaiera artikulua dago, idazleak atera duen liburuaren zatia.

Lehen saioa izango den gaurkoan, irakurleak eta aldizkarian parte hartu dutenak bildu nahi dira, eta guztien arteko harreman zuzenak bideratu. Atxagarekin batera Andres Urrutia, Pedro Alberdi eta aldizkarian parte hartu duten hainbat sortzaile izango dira.
Gaur, iluntzeko 19:00etan, Euskaltzaindiaren egoitzan izango da Zaharra Forumek antolatzen dituen Hitza eta musika jardunaldien saio hau. Hala ere, ekitaldia baino ordubete lehenago, hots, 18:00etan, Bernardo Atxagak ordu erdiko tarte bat eskainiko die komunikabideei Erlea Irakurlearen Saioa proiektuaz hitz egiteko, Euskaltzaindian bertan.

Nontzeberri

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button